EUSKADI.-Bizkaiko Emakumeen Asanbladak jasoko du 2008ko Berdintasunerako Emakunde Saria

Actualizado 2008/12/11 18:14:08 CET

BILBO, 11 Dic. (EUROPA PRESS) -

Emakunde Sariaren epaimahaiak gaur goizean erabaki du, aurkezturiko zortzi hautagaiak aztertu ondoren, 2008ko Berdintasunerako Emakunde Saria Bizkaiko Emakumeen Asanbladari ematea. Epaimahaiak baloratu du 30 urte baino gehiagotan elkarteak emakume eta gizonen berdintasunaren alde egin duen lana, emakumeentzako askatasun eta justiziarako bideak zabalduz.

Asanblada 1976. urtean sortutako mugimendu feminista da eta bere helburuak dira emakume eta gizonek bizitzaren alor guztietan eskubide berdinak izatea, bai hezkuntzan, osasunean, lanean, eta parte-hartze sozial eta politikoan ere.

Sariko epaimahaiaren arabera, berdintasunaren aldeko kontzientziatzearen alorrean "ahalegin ugari egin ditu" Bizkaiko Emakumeen Asanbladak urte hauetan: hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak eta bestelakoak antolatu ditu emakumeentzat, eta honekin batera, Euskadiko Jardunaldi Feministen edizio guztien antolakuntzan parte hartu du. Honako ekintzekin pentsamendu feministaren inguruko hausnarketa eta eztabaida piztu nahi izan du Asanbladak.

Aldarrikapenaren alorrean ere "lan handia" egin duela azpimarratu dute, dibortzioaren eskubidearen alde, hezkuntza eta osasuna ez sexista baten alde eta abortuaren eskubidearen alde, besteak beste.

Laguntza sozialean ere "nabarmena da Asanbladak egindako lana"; emakumeei laguntza juridikoa eskaini die banaketa, dibortzio, eta abortuarekin zerikusia duten prozesu judizialetan, bai legalizatu aurretik eta baita ondoren ere. Honekin batera, familia planifikaziorako taldeak sortu ditu eta biolentziaren biktima izan diren emakumeentzat zerbitzuak aldarrikatu ditu.

Asanbladak memoria historikoaren mantentzean ere ahaleginak egin ditu. Izan ere, 1982an Emakumeen Dokumentazio Zentroa sortu zuen, Euskal Herriko mugimendu feministaren inguruko ekintza eta ideiak gorde eta artxibatzeko helburuarekin. Zentro honek harreman sareak sortzeko ere balio izan du: zentroaren bitartez emakumeak harremanetan jarri ahal izan dira erakunde eta emakumeen taldeekin, besteak beste.

Bestetik, Emakunde Sariaren epaimahaiak "oso positiboki" baloratu ditu beste zazpi hautagaiak eta azpimarratu du hauen artean zenbaitzuek izan duten "izaera berritzailea" azpimarratu du.