EUSKADI.-Dirurik Gabe elkarteak Udaberriko Azoka egingo du Bilboko Plaza Berrian apirilaren 24an

Actualizado 2010/03/23 11:09:32 CET

BILBO, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Dirurik Gabe elkarteak Udaberriko Azoka prestatzen ari da apirilaren 24rako Bilbon, Klima Aldaketaren aurkako Bilboko Bulegoaren (BIO) laguntzarekin, Dirurik Gabeko Eguna antolatu zuenetik sei hilabete igaro direnean.

Elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez, Udaberriko Azoka Bilboko Plaza Berrian izango da, eta berriro, Dirurik Gabeko Egunean bezala, goizeko 10:00etatik iluntzeko 21:00ak arte, "poltsikoan zenbat diru duzun ez da izango garrantzitsua, diruaz ahaztea, trukea, sormena, naturaltasuna eta harremanak egiteko gaitasuna baizik".

Udaberriko Azokak bi gune izango ditu. Horrela, alde batetik, ondasun materialen gunea izango da, Plaza Berrian, non trukearen azoka handia egingo den. Arropa, oinetakoak, liburuak, jostailuak, altzariak eta bururatzen den oro trukatuko den lekua izango da.

Bestetik, ondasun ez-materialen gunea jarriko dute La Bolsa eraikinean. Bertan, kontsumo eta kultura libreen aldeko taldeen hitzaldiak eta "Familia berdeak" deritzon programaren gaineko mahai-ingurua egingo dira.

Bilboko Udal Abesbatza eta bestelako ekintzak izango dira egunari giroa ematen, eta jardunaldia bukatzeko perkusio kontzertua izango da.