EUSKADI.-Edanda gidatzen ari zela kontrol batean gelditu gabe aurrera egin duen gizon bat atxilotu dute Etxebarrin (Bizkaia)

Actualizado 2010/01/05 12:58:15 CET

BILBO, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Etxebarrin (Bizkaia), trafikoaren segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita. Atxilotuak kontrol batean gelditu gabe aurrera egin du, edari alkoholdunen eraginpean eta gidabaimena epailearen aginduz kenduta zuela gidatzen ari zela. Polizia zegoela ohartu denean, ihes egiten saiatu da, baina ihesaldi baten ondoren, agenteek haren ibilgailua geldiaraztea lortu dute, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gertakaria gaur goizaldeko 2:30etan jazo da, Ertzaintzaren agenteak Etxebarrin egiten ari ziren badaezpadako kontrol batean. Ibilgailu bat kontrola zegoen tokira zuzendu da eta, gidariak agenteak ikusi dituenean, lerro etengabeko tarte batean bira egin du eta ihesari ekin dio abiadura bizian. Ihesaldi labur baten ondoren, Ertzaintzaren patruila batek ibilgailua geldiaraztea lortu du.

Ertzainek ibilgailutik irteteko agindua eman diote gidariari eta zutik mantentzeko zailtasun handiak zituela ohartu dira, edari alkoholdunen eraginpean zegoela erakusten zuten zantzuak baitzituen. Agenteek alkoholemia proba egin diote eta gizonezkoak positibo eman du. Hori dela eta, atxilotu egin dute, trafikoaren segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita.

Ondoren baieztatu ahal izan dutenez, atxilotuak ez zuen egia esan bere burua identifikatzerakoan, atxiloketaren unean ez zeraman inolako agiririk eta, gainera, gidabaimena otsailera arte kenduta zuen, epaileak aginduta.

Gizonezkoa, 53 urtekoa, beste bost aldiz atxilotu izan dute trafiko-segurtasunaren aurkako delituengatik, eta polizia egoitza batera eraman dute dagozkion eginbideak burutzeko. Ondoren, aske utzi dute eta epailearen aurrera agertu beharko da bihar.