EUSKADI.-Euskal Turismoaren II. Asteak berrikuntzaren ikuspegitik begiratuko dio sektorearen etorkizunari gaurtik ostegunera

Actualizado 2009/06/02 12:17:25 CET

BILBO, 2 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eusko Ganberek "Futurismoa, etorkizuna duen berrikuntzaren alde" izenburupean ospatuko dute Euskal Turismoaren II. Astea gaur hasi eta ostegunera arte. Ekitaldiaren helburua da, batetik, turismoaren etorkizunari begirada bat ematea merkatu, kudeaketa eta merkaturatze alorretako berrikuntzaren ikuspegitik, eta, bestetik, sektorea sentsibilizatzea bere garrantzi ekonomikoaren eta produktu turistiko berriak sortzeko egin behar duen lanaren inguruan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, hiru egunetan zehar, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian aurrera egiteko eta hobetzeko aukerak aztertuko dituzte hizlariek gai hauetan: berrikuntza, kalitatea, produktu turistikoaren lehiakortasuna eta merkaturatzea. Gogoeta horiek hiru alternatiba desberdinen arabera gauzatuko dira: turismo industriala, berrikuntza etorkizuna duen turismo batentzat, eta 'city-break'-en eskaintza turistikoa.

Eusko Ganberek sustatutako Turismoaren Astearen II. edizioaren helburuen artean daude turismoaren munduari eremu berrietan lan egiteko aukera irekitzea, kontuan hartuta beste leku batzuetako esperientzia positiboak eta sektoreko enpresen testigantzak;

berrikuntzak eta bere kudeaketak enpresa eta agenteei, zehazki, eta, oro har, gizarteari eskaintzen dizkien aukeretan sakontzea.

Halaber, Bilbok, Donostiak eta Gasteizek dituzten erronkei buruzko gogoeta egin nahi du, hainbat gaietan hobetu eta aurrera egiteko, besteak beste, merkatuetako berrikuntzan, zerbitzuaren kalitate eta kudeaketan eta eskaintza turistikoan.

Euskal Turismoaren II. Astea gaur inauguratuko da, Bilbon, non "Turismo Industriala, etorkizuna duen aukera" jardunaldia egingo den; bihar Donostian izango da eta "Berrikuntza Etorkizuna duen turismo batentzat" jardunaldia ospatuko da; azkenik, ostegunean, Gasteizen, "Prest 'city-breaks'-etarako"? galderari erantzuteko ahalegina egingo da.

Jardunaldiak doakoak dira, baina, parte hartzeko aldez aurretik EAEko hiru merkataritza ganberetako batean izena eman behar da. Jardunaldiak, batez ere, turismoaren sektoreko enpresa eta profesionalei zuzenduta daude.