EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzak 90.000 euro emango dizkio EHUko Euskara Institutuari bere jarduerak sustatzeko

Actualizado 2008/11/11 17:38:02 CET

GASTEIZ, 11 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak baimena eman dio Kultura Sailari Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) bere Euskara Institutuaren lana sustatzea xede duen elkarlanerako hitzarmena izenpetzeko. Horrela, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 90.000 euro emango dizkio Euskara Institutuari.

EHUko estatutuek Euskara Institutuari ematen dizkioten helburuen artean daude euskararen eta euskarazko didaktikari buruzko ezagutza eta ikerketaren arlo desberdinetan lexikografia ikerkuntza egitea; unibertsitatean eta beste hezkuntza-mailetan egindako irakaste-esperientzietan lortutako emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egitea; ikastetxeen arteko ikastaro bereziak ematea; edozein mailatan testuak eta irakasteko materialak prestatzea; eta bere gaitasun arloan aholkularitza teknikoa eskaintzea.

Horrela, Euskara Institutuak aipaturiko alorrean duen esperientzia eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiarekin duen lotura kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak EHUren Euskara Institutuarekin hiru urteko iraupena (2008-2010) izango duen hitzarmena sinatuko du eta, ondorioz, urtez urte diru-laguntza emango dio. Elkarlanerako hitzarmena indarrean dagoen bitartean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 90.000 euro luzatuko dizkio Euskara Institutuari.