EUSKADI.-Gipuzkoako Diputazioak bi milioi euro inguru erabiliko ditu 2010ean euskara sustatzeko, iaz baino %20 gutxiago

Actualizado 2010/01/13 18:46:46 CET

DONOSTIA, 13 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak bi milioi euro baino gehixeago erabiliko ditu 2010. urtean euskararen erabilera normalizatu eta sustatzeko, hau da, iaz atal honetara zuzendu zuena baino %20 gutxiago, Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara foru diputatuak gaur jakinarazi duenez.

Foru erakundeko Euskara alorreko arduradunak prentsaurrekoan adierazi duenez, tokiko hedabideek eta hauek babesten dituzten entitateen ekimenetara, ikus-entzunezko hedabideetan erabilera sustatzera, liburuen ediziora eta euskaraz irakurtzea bultzatzera zuzenduko dira diru-laguntzak.

Halaber, Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Nagusia herri mailan eta eremu sozio-ekonomikoan aplikatzea bultzatzeko ere erabiliko dira diru-laguntzak, Aranburuk azaldu duenez.

Horrela, euskarazko aldizkako argitalpenek 609.000 euro baino gehiago jasoko dute; euskararen sustapenerako proiektuek eta jarduerek ia 340.000 euro; ikus-entzunezko egitasmoek 240.000 euro; haurren aisialdian euskara sustatzeko ekintzek 90.000 euro; liburuen banaketak 110.000 euro; normalizaziorako udal planek 304.000 euro; itzulpengintzako praktiken bekek 5.500 euro; eta eremu sozio-ekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko jarduerek 262.500 euro.

Diru-laguntzen eskaerak aurkezteko epea otsailaren 19ra arte egongo da irekita, itzulpengintzako bekenak izan ezik, ekainaren 12an bukatuko baita.