EUSKADI.-Josune Zabala Alberdi da Mintzola Fundazioaren zuzendari berria

Actualizado 2009/05/06 15:56:38 CET

DONOSTIA, 6 May. (EUROPA PRESS) -

Mintzola Fundazioaren patronatuak joan den martxoaren 26an Villabonako (Gipuzkoa) Subijana Etxean egindako bileran Josune Zabala Alberdi izendatu zuen fundazioaren zuzendari, Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Josune Zabala Alberdi (Donostia, 1978) Euskal Filologian lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), 2002. urtean. Doktoratutzako ikasketak (EHU, 2003) eta Hizkuntzak Kudeatzeko Unibertsitate Aditu Tituluaren graduondoko ikasketak (Mondragon Unibertsitatea, 2005) eginak ditu. Prestakuntza osagarri gisa, ikastaro asko egin ditu komunikazioaz, hizkuntzen ebaluazioaz edo hizkuntza kudeaketaz.

Hizkuntzaren irakaskuntzan eta itzulpen lanetan jarduna da zazpi urtez. Mondragon Unibertsitatean irakasle eta aholkulari izan da, hizkuntzaren didaktika eta soziolinguistika gaietan. Zeregin horretan, gainera, "Euskal Kulturgintza Transmisioa" graduondokoaren zuzendari izana da eta ahozkotasunaren gaineko hainbat ikastaro eman ditu, besteak beste, "Bertsolaritzaren ikuspegi komunikatiboa" eta "Ahozkotasuna sustatzeko baliabide eta estrategiak". Bertsozale Elkartearekin elkarlanean, "Bertsolaritzaren curriculuma Lehen Hezkuntzan" liburua prestatu eta atontzen aritu da, baita horretarako sortuak diren materialen berrikuspen fasean ere.

Ahozkotasunarekin loturik zenbait lan proiektuetan partaide izan da, besteak beste, Elea Mintegiaren "Ahozko hizkuntza, derrigorrezko hezkuntzan" (Mondragon Unibertsitatea), eta Gasteizko ELEBILAB taldearen baitako EJE (Euskararen Jabekuntza eta Erabilera) ikerkuntza taldean.

Mintzola Fundazioaren zuzendaritza hartu arte, Euskal Herriko Unibertsitatean ikertzaile lanetan aritu da EJE taldean, eta doktoretza tesia prestatzen.