EUSKADI.-SEAk eta SPRIk lankidetza-hitzarmena sinatu dute enpresariei laguntzei buruzko informazioa helarazteko

Actualizado 2010/01/28 12:16:42 CET

GASTEIZ, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

SPRI Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak eta SEA Arabako Enpresarien Elkarteak bien arteko lehenengo lankidetza-hitzarmena sinatu dute Gasteizen informazio zerbitzu bat martxan jartzeko eta zerbitzu horren bidez Arabako enpresarientzako laguntza eta programei buruzko informazioa eskaintzeko. SEAk kudeatuko duen informazio-leihatila honetan SPRIren laguntzen programa eta zerbitzu guztiei buruzko informazioa eskainiko da, hots, SPRIk berak martxan jarritakoei eta berak kudeatzen dituenei.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak politika bat jarri du abian enpresariei SPRIren programak gerturatzeko eta SEA eta SPRIren arteko hitzarmen aitzindari hau politika horren barruan sartzen da, bi erakundeotako iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

SEAren egoitzan (Gasteiz) kokatuta egongo den informazio-leihatila honek enpresarientzako laguntzei buruzko informazio osoa eskainiko du, hau da, indarrean dauden laguntza orokorrei edota enpresa-proiektu jakin batentzako laguntza espezifikoei. Horretarako, SPRIk prestakuntza espezifikoa emango die informazio-leihatila kudeatzeko SEAk hautatuko dituen pertsonei. Prestakuntza hori SPRIo laguntza programa eta zerbitzuetako teknikariek emango dute.

Gainera, informazio-leihatilako kudeatzailea SPRIko Bezeroarentzako Laguntza Zerbitzuan sartu ahal izango da eta etengabeko harremana izango du zerbitzu horretako arduradunarekin.

SEAk, bestalde, beharrezko giza bitarteko eta bitarteko materialak jarriko ditu leihatilak ongi funtziona dezan eta Arabako enpresek ahalik eta informazio gehien izan dezaten SPRIren programei eta berak kudeatzen dituen beste programa batzuei buruz.