Actualizado 10/10/2008 15:21

EUSKADI.-Zientzia, teknologia eta berrikuntzak hedabideetan duten trataera lantzeko mintegia egingo dute Elhuyar eta Innobasquek

DONOSTIA, 10 Oct. (EUROPA PRESS) -

"Zientzia, teknologia eta berrikuntza komunikabideetan" gaiari buruzko mintegia egingo da datorren asteartean, urriak 14, Donostiako Kursaal jauregian, Elhuyar Fundazioak eta Innobasquek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin antolatuta.

Topaketaren helburua da alor horretan Euskal Herriko komunikabideetako profesionalen lana ezagutzera ematea, eta, bide batez, elkarri beren esperientzien berri emateko eta esperientzia horiek inguru hurbileko eta Europako Batasuneko beste esperientzia batzuekin konparatzeko aukera ematea profesional horiei.

"Batez ere, komunikabideetako profesionalen lan-topaketa izango da

mintegia. Beraz, kazetari profesionalei eta zientzia eta teknologiako irakasleei zuzendua dago, gai horien komunikazioarekin lotura zuzena dutelako", azpimarratu dute antolatzaileek.

Mintegia goizez eta arratsaldez egingo da, eta Elhuyarren "Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren tratamendua eguneroko prentsan" txostenaren emaitzak aurkeztuko dira. Zenbait jenderen esperientzien berri ere emango da, hala nola 'Heraldo de Aragón'-en 'Tercer Milenio' zientzia-gehigarriarena, Maria Pilar Perlak; Pompeu Fabra Unibertsitateko zientzia-komunikazioaren behategiarena, Gema Revuelta zuzendariordeak; eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko zientzia-dibulgazioaren behategiarena, Maria Teresa Escalas arduradunak.

MAHAI-INGURUAK

Mintegiko egitarauan mahai-inguru bat ere egingo da. Pili Kaltzada Innobasqueko Promozio eta Komunikazio zuzendariak moderatuko du mahai-ingurua eta euskal komunikabide nagusi batzuetako ordezkariek hartuko dute parte, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren komunikazioari buruz duten iritzia emateko.

Hauek dira mahai-inguruan parte hartuko dutenak: Martxelo Otamendi (Berria), Bingen Zupiria (EiTB), Arantzazu Zugasti (Diario de Noticias de Gipuzkoa), Josu Juaristi (Gara) eta Julian Beloki (Euskadi Irratia).

Arratsaldean, beste mahai-inguru bat egingo da, "Zergatik eman zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren berri?" izenburuarekin. Parte-hartzaileak, Luis Alfonso Gámez Vocento taldeko erredaktorea eta zientzia eta teknologian aditua, eta Magonia blogaren egilea; Jesus Ugalde EHUko ikerlaria; Txema Ramirez de la Piscina EHUko kazetaritzako irakaslea; eta Gema Revuelta, Pompeu Fabra Unibertsitateko zientziaren komunikazioaren behatokiko zuzendariordea. Beñar Kortabarria zientzia-kazetaria arituko da moderatzaile-lanetan.