Euskadik gidatuko du Adlife zahartze aktiborako europar ikerketa proiektua

Zahartze aktiboa landuko du proiektuak.
IREKIA - Archivo
Actualizado: lunes, 20 enero 2020 11:45

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskadik zuzenduko du Adlife izeneko zahartze aktiborako Europako ikerketa proiektua, eta martxan jartzeko bilera asteartean eta asteazkenean izango da, urtarrilaren 21ean eta 22an Bilbon. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esku hartuko du bileran, datozen lau urteetan proiektua garatuko duten Europako bederatzi herrialdeetako 40 ikertzailerekin batera.

Bileran, proiektuaren helburuak eta norainokoa zehazki aztertuko dira, eta rolak, ardurak, arriskuak eta proiektuaren arrakastarako faktore kritikoak azalduko dira. Horrez gain, epe labur eta ertaineko zereginetarako jarduerak eta ekintza planak zehaztuko dira, haiei buruz eztabaidatuko da, eta alderdi espezifikoak lantzen hasteko lan saioak finkatuko dira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Erresuma Batuko, Poloniako, Alemaniako, Danimarkako, Suediako, Israelgo, Turkiako eta Belgikako 11 erakundek Adlife egitasmoa garatzeko osatutako partzuergoa Euskal Osasun Sistemak koordinatuko du, Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutuaren bitartez.

Adlife proiektu pilotuen bidez zabalduko da zazpi herrialdetako osasun sistemetan, hain zuzen, Euskadin (Osakidetza), Erresuma Batuan (NHSL Lanarkshire), Danimarkan (Southern Denmark), Polonian (FALKHOSP Lower Silesia), Alemanian (Werra-Meibner Kreis), Suedian (Jämtland Härjedalen eskualdea) eta Israelen (Maccabi Healthcare Services). 75 ospitale, klinika eta lehen mailako arretako zerbitzutan diharduten osasun arloko 600 profesional inguruk, 800 pazientek baino gehiagok eta 1.200 zaintzailek baino gehiagok parte hartuko dute.

Osasun Sailaren arabera, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen bizi itxaropenak era esanguratsuan egin du gora herrialde ugaritan, zientzia medikoaren aurrerapenen ondorioz, besteak beste. Osasun sistemek hainbat erronka dituzte aurrean, hala nola pazienteak ahalik eta bizitzarik independenteena izan dezan lortzea, gero eta lan karga handiagoa jasaten duten zaintzaileei babesa ematea eta osasun eta gizarte sistema jasangarriak sortzea.

Horrela, Europako Adlife ikerketa proiektua erronka horiei aurre egiteko premisarekin sortu da, eta gaixotasun kroniko aurreratuak dituzten adinekoei arreta integratua, koordinatua, aldez aurrekoa eta pertsonalizatua ematea eta, era horretan, haien osasuna eta bizi kalitatea hobetzea du helburu.

Zehazki, gaixotasun larria eta kronikoa eta, funtzionalitate eta gaitasunen murrizketaren ondorioz, bizi itxaropenaren murrizketa potentziala duten 55 urtetik gorako pazienteei zuzenduta dago proiektua. "Lau urtetan garatuko den soluzio berritzaileak arreta planen pertsonalizazioa erraztuko du, eta pertsona horien premiei eta lehentasunei erantzun bizkorra eta goiztiarra emateko ahalmena hobetuko du (premia eta lehentasun horiek denboran aldakorrak direla kontuan hartuta)", azaldu dute.

Adlife proiektuak erabaki klinikoak hartzen laguntzeko zerbitzuak eskainiko ditu. Zerbitzu horiek, tratamendua proposatzeaz gain, pazienteen sintoma eta premia aldakorrak zehaztasun handiagoarekin identifikatzea ahalbidetuko dute, eta osasun arloko profesionalei zuzendutako alarmak sortuko dituzte.

ZERBITZU ESPEZIFIKOAK

Halaber, pazienteari bere osasunaren kudeaketan parte hartzeko aukera handiagoa emango dioten zerbitzu espezifikoak ematea erraztuko du.
Gainera, proiektuaren soluzioetan honako hauek hartuko dira kontuan: arreta pertsonalizatuko planak kudeatzeko plataforma bat, erabaki klinikoak hartzen laguntzeko zerbitzuak, elkarreragingarritasun soluzioak eta pazienteak ahalduntzeko plataforma bat.

Proiektuak erabiliko dituen soluzio digital pertsonalizatuak eta babes soluzioak Europako H2020, C3-Cloud eta Power2DM proiektuetan garatu dira, eta Europako hainbat herrialdetako osasun sistema errealetan baliozkotu dira, besteak beste, Osakidetzan.

Duela urte batzuetatik, Eusko Jaurlaritzak zahartze aktiboaren aldeko "apustu irmoa", eta gizartearen parte aktibo diren pertsonak eta haien eskubideak eta erantzukizunak ardatz dituen estrategia garatu du. Lan horrek Europako Batzordearen bikaintasun ziurtagiria jaso du, kalifikaziorik handienarekin (lau izar). Horrela, "Euskadi erreferentzia bihurtu da beste eskualde batzuentzat zahartze aktiboa eta osasungarria era integralean lantzeko jardueran, pertsona jarduketa guztien ardatz bihurtzen duten politika berrietan eta hazkunde ekonomikoaren eta lehiakortasunaren sustapenean".