Euskadik munduko lehen 15 herrialdeen artean jarraitu du 2017an Giza Garapenaren Indizearen arabera

Jendea paseatzen
Europa Press - Archivo
Actualizado: viernes, 9 noviembre 2018 9:30

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) 13. eta 14. postuen artean kokatu zen 2017an munduko herrialdeen sailkapenean, 0,992ko Giza Garapenaren Indizearekin (GGI), Eustatek landutako datuen arabera. Eustatek 2010-2017 aldirako EAEko GGI zenbatetsi du Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Garapenerako Programaren metodologia erabiliz.

Aurreko urtearekin alderatuta, EAEk postu bera mantendu du, indizearen balioa bi milaren hobea bada ere, NBEko Garapenerako Programak eta Eustatek 2010-2017 aldirako egindako kalkulu berritik abiatuta.

NBEko Garapenerako Programaren azken txostenak munduko 189 herrialde sailkatu ditu 2017an, bizi baldintzen arabera. 0tik 1erako eskalan ezartzen da GGI, eta bizi itxaropena jaiotzean, espero diren haurren eskola urte, 25 urte edo gehiagokoen batez besteko eskola urteak eta per capita errenta gordin nazionala kontuan hartuz.

Modu honetan, Eustatek jakinarazi duenez, EAEko gizartea planetako garatuenen artean kokatu du GGIk. Aurrean ditu Norvegia, Suitza, Australia, Irlanda, Alemania, Islandia, Hong Kong, Suedia, Singapur, Herbehereak, Danimarka, Kanada eta AEB. Espainia 26. dago NBEko Garapenerako Programaren txostenean, 0,891ko GGIrekin. Azkena Niger da, 0,354rekin.

2010-2017 ALDIA

2010-2017 aldian, GGIren osagai guztiek egin dute hobera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bizi itxaropena 82,4 urtetik 83,5 urtera iragan da, eta laugarren postuan da, Hong Kongen (84,1) eta Japoniaren (83,9) atzetik eta Suitzaren parean (83,5). Berdin da gertatzen espero diren eskola urteei dagokionean, 18,1 urtetik 18,8 urtera igaro baita, zazpigarren tokian kokatuz, Australia (22,9), Belgika (19,8), Irlanda (19,6), Islandia (19,3), Danimarka (19,1) eta Zeelanda Berriaren (18,9) atzetik.

Batez besteko eskola urteetan, 2010-2017 aldian 10,2 urtetik 11,0 urtera pasatu den arren, EAEk 41 herrialde ditu aurretik. Aurrenak dira Alemania (14,1 urte batez beste), Suitza eta AEB (13,4) eta Kanada (13,3). Halaber, EAEko per capita errenta nazional gordina 43.207 dolar estatubatuarretik 46.248 dolarrerra handitu da 2010etik 2017ra, erosteko ahalmenaren parekotasunean neurtuta, pertsonako diru sarrera handienak dituzten Norvegiatik (68.012 dolar) eta Qatarretik (116.818 dolar) urruti, eta justu Alemaniaren aurretik (46.136 dolar).

Azkenik, 2016rekin alderatzen bada, Euskadiko GGIren osagaiak hobetu egin dira, bizi itxaropenaren (83,4tik 83,5era) edo errenta nazional gordinaren kasuetan bezala (44.964 dolarretik 46.248 dolarrera), edo mantendu egin dira, hezkuntzari loturiko adierazleetan gertatu den moduan (batez besteko eskola urteetan eta espero diren eskola urteetan).