Euskadiko 300 bat hizkuntza irakasle bilduko dira ostegunean Getxolinguae jardunaldian, Bilbon

Euskadiko 300 bat hizkuntza irakaslek hartuko dute parte ostegunean Getxolinguae jardunaldian, Bilbon
EUSKO JAURLARITZA - Archivo
Actualizado: miércoles, 15 mayo 2019 14:50

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urtero antolatzen duen Getxolinguae jardunaldia egingo da ostegunean, maiatzaren 16an, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta eskolatze hizkuntza izango du aurten ardatz. "Eskolatze hizkuntza eraikitzen: eskolan irakurtzen, idazten, hitz egiten..." izenburupean, 300 bat profesional elkartuko dira topaketan, gehienak hizkuntza irakasleak.

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, goizean zehar burutuko diren hitzaldien nahiz praktika onak partekatzeko saioen bidez, "ikasgeletako egunerokoan berebiziko garrantzia duen gai horretan sakontzeko aukera izango dute" parte hartzaileek.

Antolatzaileen arabera, eskolatze hizkuntzak berariazko trataera didaktikoa behar du, bai eskolatzearen hasierako urratsetan hizkuntzen inguruan hartu beharreko erabaki didaktikoak zehazteko, bai arlo guztietan hizkuntzen trataera integratuan eta integralean sakontzeko. "Hizkuntza akademikoa, harremanetako hizkuntza ez bezala, abstraktua,
testuingurutik kanpokoa eta formala da, eta terminologia eta hizkera espezifikoak ditu, eta beraz, lanketa integratu eta integrala behar du ikastetxe mailan", azaldu dute.

Aurtengo Getxolinguae jardunaldiak hizkuntzak arlo guztietan duen garrantzia ikusaraztea du helburu, eta jakintza arloak eta hizkuntza elkarrekin uztartzeko moduak aztertuko dira bertan.

Jardunaldiko lehen hitzaldia Gironako Unibertsitateko Josep Maria Serra irakasleak eskainiko du, "La importancia de trabajar la lengua en todas las áreas del currículo" izenburuko hitzaldiarekin. Haren ondoren, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko Pilar Sagasta eta Karmele P. Lizarralde ikertzaileen txanda izango da, "Nola artikulatu jakintza-arloa eta hizkuntza? Zenbait lanabes eskolan erabiltzeko" mintzaldiarekin.

Horrez gain, egun euskal ikastetxeetan abian diren praktika onak ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratuek, bai eta beren gogoetak eta esperientziak gainerako profesionalekin partekatzeko ere.

Hezkuntza Sailak urtero antolatu du Getxolinguae jardunaldia azken hamarkadan, hizkuntzen irakaskuntzan eta ikaskuntzan garrantzi bizikoa den edozein alderdiren inguruan. Hainbat urtez Getxon burutu ondoren, azken urteotan Bilbon antolatzen da.