Euskadiko Biodibertsitate Zentroak hainbat ekintza antolatu ditu Uraren Nazioarteko Egunaren inguruan

Actualizado 2011/03/19 12:26:17 CET

BILBO, 19 Mar. (EUROPA PRESS) -

Busturiko (Bizkaia) Madariaga Dorretxean dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroak hainbat ekintza antolatuko ditu, martxoaren 22an ospatzen den Uraren Nazioarteko Egunaren ekitaldietara gehituz. Ospakizun honen bidez urak bizitzaren garapenean eta iraunkortasunean duen funtzezko zereginean gizartea sentikortu nahi da.

Horretarako, zentroko arduradunek jakinarazi dutenez, martxoaren 22an, goizeko 10:00etan, "Uraren garrantzia bizidunentzat" erakusketaren bisita gidatua egingo da eta, ondoren, Urdaibaiko paduretako ekosistemara jaitsiko dira honen garrantzia ezagutzeko.

Ospakizunek eta ekintzek asteburuan jarraituko dute. Martxoaren 26an, Urdaibaiko padurak eta "Uraren garrantzia bizidunentzat" erakusketa ikusteaz gain, "Uraren soinuak" hidrofono baten bidez Gaztelugatxeko Biotopo babestuko urpeko soinuak entzuteko itsasontziz egiteko irteera proposatuko da. Arratsaldez, Toti Martinez de Lezea idazleak "Uraren historiak" hitzaldia eskainiko du.

Txikiek ere beraientzat ekintzak izango dituzte, hala nola burbuilak egiteko tailerra eta animalien forma duten jaboizko burbuilen lehiaketa, eta arrantza jasangarriaren jolasak.

Martxoaren 27an, goizean, zetazeoei buruzko hitzaldi bat izango da, eta ondoren, irteera bat egingo da kotxez Matxitxakoraino, animalia horiek ikuskatzeko. Halaber, oso interesgarria izango da Ura agentziako teknikari batek gidatuko duen bisita Urdaibaiko Saneamendu Sarera eraikuntza honek ur-kalitatea zelan hobetuko duen ezagutzeko.

Zientifiko txikiek "Sua eta Izotza" ikuskizun zientifikoa izango dute, Mad Science-n eskutik, eta biotailerran periskopio bat egin ahal izango dute uretako bizidunak ikusteko. Azkenik, eta denei zuzenduta, zine-emanaldia izango da "Deep Blue" pelikularekin.

Jardueretarako leku mugatuak dira eta ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea 946 870 402 telefonora deituz. Informazio gehiago zentroko web-orrialdean lor daiteke: www.torremadariaga.org.