Euskadiko biztanleria landuna %2,1 gutxitu eta langabezia tasa %12,8ra heldu da 2012aren bukaeran

Actualizado 2013/01/18 13:25:02 CET
Europa Press

BILBO, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan-merkatuaren 2012ko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, okupatuak 885.800 ziren, hiru hilabete lehenago baino 19.400 gutxiago, %2,1ko jaitsiera izanik. Bestalde, langabezia tasa %12,8 da, 2012ko hirugarren hiruhilekoaren aldean ehuneko puntu bat gehiago, Eustaten datuen arabera.

Landunen eta langabeen bilakaeren ondorioz, Euskadiko jarduera-tasa %54,1 izan da joan den urteko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko sei puntu hamarren azpitik.

Gizonei eragin zien batik bat okupazioaren jaitsierak, eta okupatuak aurreko hiruhilekoan baino 11.700 gutxiago izan ziren; emakumeen kasuan 7.700 gutxiago. Jaitsierak EAEko hiru herrialdeetan izan ziren: Bizkaian 7.900 pertsona gutxiago; Araban 6.500; eta Gipuzkoan 5.000.

Sektore guztietan jaitsi zen biztanleria landuna 2012ko azken hiruhilekoan: Industrian 9.400 pertsona gutxiago; Zerbitzuetan 7.700; Nekazaritzan 1.200; eta Eraikuntzan 1.100.

Okupazio-tasa -16 eta 64 urte bitarteko biztanleen gainean landunek duten portzentajea- %61,4 zen, aurreko hiruhilekoan baino 1,3 ehuneko puntu gutxiago. Tasa hori gizonezkoentzat %65,1 zen, eta emakumezkoentzat %57,5.

Lurraldeka, okupazio-tasarik altuena Gipuzkoak izan zuen, %64,3rekin, aurreko hiruhilekoan baino 1,1 ehuneko puntu gutxiago; Arabak 3,2 puntu gutxiago izan zen (%61,1); eta baxuena Bizkaiak izan zuen, %59,7, (0,9 puntu gutxiago).

Kontratu mugagabea zuten soldatapekoen kopurua 7.500 lagunetan jaitsi zen, 563.600 izanik guztira; aldi baterako kontratua zutenak (kontraturik ez zutenak barne) 7.900 gutxiago ziren, guztira 165.300 izanik. Soldatapekoak ez ziren okupatuak 3.900 gutxiago ziren aurreko hiruhilekoan baino: 156.900.

2012ko laugarren hiruhilekoan zenbatetsi da EAEn gutxi gorabehera dauden 858.600 (aurreko hiruhilekoan baino 700 gehiago) familia-etxeetako heren batean ez zegoela pertsona aktiborik. Hamarretik bostean baino zertxobait gehiagotan pertsona aktibo guztiak okupatuta zeuden, aurreko hiruhilekoan baino 8.700 familia gutxiago; pertsona aktibo guztiak langabezian zituztenak 44.900 ziren (guztirakoaren %5,2), aurreko hiruhilekoan baino 2.000 gehiago.

LANGABEZIA

Bestalde, langabeak 130.200 ziren iazko azken hiruhilekoan EAEn, hau da, 9.600 gehiago aurreko hiruhilekoan baino. Gizonezko langabeen kolektiboak 72.100 lagun hartu zituen (4.700 gehiago), eta emakumezkoen artean, 4.800 gehiago, guztira 58.000 izanik.

Joan den urteko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, langabezia tasa %12,8 zen, puntu bat gehiago aurreko hiruhilekoaren aldean. Gizonen langabeziari dagokionez, %13,2ra igo zen (ehuneko 1,1 puntu gehiago), eta emakumeena %12,4ra, 1,1 puntu igoz. Gazteen langabezia tasak altuena izaten jarraitu zuen, %39,3rekin; horrenbestez, 16 eta 24 urte bitarteko 15.000 gazte aktibo zeuden langabezian.

Lurraldeka, langabeen hazkunderik handiena Gipuzkoan izan zen, 3.900 gehiagorekin, eta langabezia tasa %9,7 izanik. Bizkaian %15eko tasa zegoen, eta 3.800 langabe gehiago (81.100 guztira). Araban 1.800 pertsona gehiago ziren langabeak aurreko hiruhilekoaren aldean, eta langabezia-tasa %11,7.

Euskadiko biztanleria okupatua %4,6 jaitsi zen (42.900 pertsona), 2011ko laugarren hiruhilekoaren aldean. Jaitsiera horrek gizonei eragin zien batik bat, 24.400 pertsona gutxiagorekin; emakumeen artean 18.500 gutxiago ziren.

Langabezia-tasa ehuneko 1,6 puntuz igo da azken urtean, %11,2tik %12,8ra, eta 2011ko laugarren hiruhilekoan baino 13.300 pertsona gehiago ziren langabe EAEn. Araban ehuneko 4,4 puntu igo da langabezia-tasa, Gipuzkoan ehuneko 1,7 eta Bizkaian 0,9.