Euskadiko errepideetan izandako istripuetan 59 hildako izan ziren iaz, 2011n baino bat gutxiago

59 hildako errepidean iaz
Europa Press
Actualizado 2013/01/02 13:02:51 CET

BILBO, 2 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jasotako estatistika-datuen arabera, 2012. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiri barruko zein hiri arteko errepideetan gertatutako istripuetan 59 pertsona zendu ziren, 2011n baino bat gutxiago, urte horretan 60 pertsona hil baitziren. Bukatu berri den urtean 56 istripuk eragin zuten aipatutako heriotza kopurua, eta aurreko urtean baino istripu bat gehiago izan da, beraz.

Estatistika-datu horietan Ertzaintzak zein udaltzaingoek erregistratutako ezbeharrak jaso dira, hau da, istripu guztiak hartu dira aintzat, bai hiri barruko, bai hiri arteko errepideetan gertatutakoak.

2012an heriotza eragin zuten istripuen tipologiari dagokionez, zendutako oinezkoen zifrak behera egin zuela nabarmendu behar da: 11 pertsona hil ziren harrapatuta (zortzi gizonezko eta hiru emakume), eta iaz, ostera, 15 izan ziren (zazpi gizonezko eta zortzi emakume). Harrapatuta hil zirenen adinari dagokionez, 11 biktimetatik zazpi 64 urtetik gorako pertsonak izan ziren (bost gizonezko eta bi emakume).

Bestalde, joanb den urtean hiri arteko eremuetan errepidetik ateratzeagatik gertatu ziren heriotza eragin zuten istripu gehienak (%38), eta hiri barruko istripuetan, ordea, harrapaketak gailendu ziren (%78). Faktore ohikoenen kasuan, bi faktore errepikatu ziren: zirkulazio arau-hausteak eta abiadura desegokiak.

2012an heriotza eragin zuten ezbehar gehienak errepidea lehor zegoela gertatu ziren, eta astean zehar asteazkenetan izan ziren istripu gehienak (%22); asteazkenaren atzetik larunbata eta asteartea izan ziren (%17 kasu bakoitzean). Heriotza gehienak ordu tarte jakin batzuetan gertatu ziren, batetik goizeko 7:00etatik 9:00ak arte, eta bestetik arratsaldeko 15:00etatik 18:00ak arte.

Zirkulazio istripuetan hildako pertsonen kopuru osoa sexuen arabera sailkatuz gero, gizonezkoen kopurua nabarmen altuagoa izan zen. Zendutako gizonezkoak batez ere gidariak izan ziren. Hala, 59 hildakoetatik, 44 gizonezkoak ziren (33 gidari, hiru bidaiari eta zortzi oinezko), eta gainerako 15 biktimak emakumeak (sei gidari, sei bidaiari eta hiru oinezko).

Auto istripuetan hildako gidariei azterketa toxikologikoak egitean, %20 inguruk emaitza positiboak eman zituen alkohol edo drogetan, hau da, kontzentratu eta erantzuteko gaitasuna inhibitzen duten substantzien eraginpean gidatu zuten.