Euskadiko euskaltegien ikasturte berria abian

Euskaltegien sarearen ikasturtea ireki dute
IREKIA
Actualizado 2018/09/14 18:27:48 CET

Bingen Zupiriak hasi du 2018-2019 ikasturtea, Jon Andoni Duñabeitia doktoreak Gasteizen eman duen hitzaldi batekin

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

Euskadiko euskaltegien sareak 2018-2019 ikasturte akademiko berria hasi du ostiral honetan, Jon Andoni Duñabeitia doktoreak Gasteizko Goiuri jauregian eskaini duen "Emozioak eta hizkuntzaren eskurapena" hitzaldiarekin. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da mintzaldia aurkezteko arduraduna.

Zupiriarekin batera ekitaldian izan dira Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Jokin Azkue HABEko zuzendaria, bai eta euskara, euskal kultura eta unibertsitatearen munduko zenbait ordezkari ere.

Bere agerraldian, euskarak azken hamarkadatan bizi izan duen biziberritze prozesua nabarmendu du Zupiriak, "euskaltegien lanari eta euskarazko hezkuntzaren aldeko apustuari esker". Horrela, Gasteiz moduko tokietan izan duen hazkundea "ikusgarria" izan dela azpimarratu du.

"Euskara oso egoera larrian zegoen hemen orain 30 urte. 1986an euskaldun kopurua Gasteizen %6koa zen, eta gaur %26koa da. Euskararen erabilera ere hazi da, baina ez neurri berean. Harrigarria gerta dakigukeen arren, soziolinguista guztiek dakiten moduan, erabat logikoa da hein berean ez haztea", azaldu du.

Horrela, sailburuak azpimarratu du euskararen erabilera "erabat loturik" dagoela inguru soziolinguistikoan duen pisuari eta erabiltzeko orduan hiztunak duen erraztasunari. Bere hitzetan, "euskal hiztunaren profila erabat aldatu da orain dela 30 urtekoarekin alderatuta: askoz gazteagoa da eta inguru ezberdinetan bizi da. Euskara ahulen zegoen tokietan hazi da gehien, eta euskarak irabazi dituen milaka eta milaka hiztunek bigarren hizkuntza bezala hartu dute. Horrek testuinguru berri batean kokatzen gaitu. Fin egin beharko dugu lan, eta egingo dugu, berriz ere asmatzeko".

ELEANIZTASUNA ETA ELEBITASUNA

Bestalde, eleaniztasunean eta zientzia kognitiboan aditua den Jon Andoni Duñabeitia doktoreak ama hizkuntzak hiztunaren testuinguru afektiboan duen garrantzia nabarmendu du bere hitzaldian, eta elebistasunaren zein eleanaiztasunaren alde hitz egin du.

"Ama hizkuntza ez dena irakatsi eta ikastea erronka handia da bai irakasleentzat bai ikasleentzat. Hizkuntza berri bat bereganatzeak eta hura erabiltzeak ahalegin kognitibo handia eskatzen dute, eta egitate horren kontzientzia hartu behar du irakaskuntza sistemak. Horri dagokionez, hiru desberdintasun nagusi azpimarratu behar dira, ama hizkuntzaren eta bigarren edo hirugarren hizkuntzen ikasketen artean, elkarrekin lotuak, atzematen errazak direnak", adierazi du.

Horrela, lehenik eta behin, azaldu du ama hizkuntzak ikasketa inguru naturaletan bereganatzen direla, familiarteko ahozko harremanen bidez, eta bigarren hizkuntzak, aldiz, gehienetan inguru akademikoetan ikasten direla, formalak eta arautuak, idazketa bidez sarritan.

"Lehenengo desberdintasun horrek, alegia, informazioa nola eman eta jasotzen den, arrazionalizazio prozesu baten sorrera du ondorio, eta horrek zenbaitetan ikaste eta barneratze prozesuak lagundu ditzakeen arren, beste batzuetan horiek oztopa ditzake. Bigarren desberdintasuna, lehenengoarekin estuki lotua, zera da: bigarren hizkuntza ikasten den eta ama hizkuntza ikasten den testuinguru emozionalak bizipen desberdinetan oinarritzen direla", azaldu du.

Bigarrenik, Duñabeitia doktoreak adierazi du bigarren hizkuntza ikasten den eta ama hizkuntza ikasten den testuinguru emozionalak "bizipen desberdinetan oinarritzen direla". Horrela, bigarren hizkuntzaren ikasketan talde interakzioak eta harreman formalak nagusi diren bitartean, ama hizkuntzaren ikaste prozesu "modu espontaneo eta informalean" eramaten da aurrera, "askotariko emozioak nagusi diren familiarteko testuinguru batean". "Desberdintasun hori dela eta, bigarren hizkuntzen ikaste prozesuek ez du lehenengoen ikasketek duten hurbiltasun emozionala", gaineratu du.

Halaber, esan du ama hizkuntzak eraikitzen direla "garabidean dagoen sistema kognitibo eta mental batean", eta horrek gaitasuna duela garuneko egiturazko neurona zirkuituan eta funtzio-moldaketak sorrarazteko. "Aldiz, bigarren hizkuntzak, geroago ikasten direnak, lehenengo hizkuntzak ikasteko dagoeneko espezializaturik dagoen sistema neural baten gainean eraiki behar dira, gainkostu kognitibo eta zerebral batekin", adierazi du.

Azkenik, elebistasunaren eta eleaniztasunaren onurak azpimarratu ditu. "Hizkuntzak tartekatzeak duen balio pedagogiko, komunikatibo, emozional eta linguistikoa kontuan hartuta, zera proposatu daiteke: elebitasun eraginkor eta ekintzaile bat, foku komunikatiboarekin, hitz egiten diren hizkuntza guztiak erabiltzera bideratua, hizkuntza berriak ikastearen prozesua errazten duelako horrek", esan du.

Bukatzeko, Duñabeitia doktoreak gaineratu du Euskadik "testuinguru ezin hobea" duela helburu hori lortzeko, alfabetatze eta euskalduntze prozesuen testuinguruan.