Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bonu denboraldiko bosgarren programa eskainiko du aste honetan

Actualizado 2015/01/12 14:33:02 CET
Joaquín Achúcarro
Foto: JB MILLOT

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) bere bonu denboraldiko bosgarren programari dagozkion kontzertuak emango ditu asteartetik ostiralera bitartean, "Erromantizismo motak" izenburupean. Jose Maria Usandizaga konpositore donostiarraren heriotzaren mendeurrena gogoratzeko Usandizaga Urtearen irekiera eta Joaquín Achúcarro pianista bilbotarra gonbidatu bezala aritzea dira egitarauko erakargarritasun nagusiak.

   Asteartean eta ostegunean Donostiako Kursaalean izango dira emanaldiak, asteazkenean Gasteizko Principal antzokian eta, amaitzeko, ostiralean, Bilboko Euskalduna auregian. Sarrerak 7 eurotik gora prezioetan salgai daude. Kontzertu hauetarako sarrerak, bonu denboraldiko gainerako kontzertuetarako bezala, www.euskadikoorkestra.es webgunean, aretoetako leihatiletan eta ohiko gainerako bideak erabiliz erosi daitezke, EOSeko iturriek jakinarazi dutenez.

   Usandizagaren "Obertura sinfónica sobre un tema de canto llano" da kontzertu hauetan euskal orkestrak Usandizaga Urteko ospakizunei hasiera emateko aukeratutako partitura. Mendeurrenaren baitan, halaber, EOSek Usandizagak amaitzeke utzitako "La Llama" opera estreinatuko du berriro, kontzertu bertsioan; Juan José Ocónen zuzendaritzapean, bakarlarien artean Ainhoa Arteta sopranoa izango da.

   Bestalde, aste honetako kontzertuek, EOSen eta Joaquín Achúcarro euskal musikaren ordezkari nabarmenetako baten elkartzea ekarriko dute berriz. Bere une gogoangarrienetako batzuetan, euskal orkestrak Achúcarro izan du bidelagun: Hego Amerikan barrena egindako lehen biran eta Ravelen inguruko monografikoaren grabaketan, esaterako.

   Orain, berriz ere elkarrekin, E. Griegen "Pianorako kontzertua" interpretatuko dute. Aurretik, astelehen honetan bertan, EOSen Miramongo egoitzan, eskola magistral bat emango dio Musikeneko ikasle talde bati, Jordá Gelaren programazioaren baitan.

   Josep Caballé-Domenech Colorado Springs Philharmonic eta Staatskapelle Halle orkestren zuzendari eta azken denboraldiotako EOSen lankideak zuzenduta, S. Rachmaninoven "3. Sinfonia la minorrean, opus 44" obra interpretatuz amaituko du emanaldia euskal orkestrak.