Actualizado 14/09/2021 13:43 CET

Euskadiko Orkestrak eta Kalakan taldeak bost kontzertu eskainiko dituzte urriaren 20tik azaroaren 5era

Archivo - Kalakan eta Euskadiko Orkestra entseatzen
EUSKADIKO ORKESTRA - Archivo

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Euskadiko Orkestrak eta Kalakan taldeak bost kontzertu eskainiko dituzte elkarrekin urriaren 20tik azaroaren 5era bitarte, Elkar diskoetxearekin argitaratu eta euskal tradizioko hamabi kanta barne hartuko dituen disko berria aurkezteko.

Ohiko errepertorioetatik kanpoko musika ekoizpena bideratzeko Euskadiko Orkestraren KlasikAT egitasmoaren baitan dago ekimena, eta kontzertuotan, diskoko kantak interpretatzeaz gain, beste hainbat sorpresa ere eskainiko dituzte Kalakanek eta Euskadiko Orkestrak.

Urriaren 20an Iruñeko Baluarte auditoriumean (19:30), urriaren 21ean Gasteizko Principal antzokian (19:30), urriaren 22an Bilboko Arriaga antzokian (19:30), urriaren 23an Donibane Lohizuneko Jai Alaien (20:00) eta azaroaren 5ean Donostiako Kursaal auditoriumean (19:30) iozango dira kontzertuak, eta sarrerak salgai daude 10 eta 26 euro bitartean euskadikoorkestra.eus webgunean eta aretoen webgune eta leihatiletan.

Arduradunek azaldu dutenez, Kalakan taldearen eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlanaren muina euskal musika tradizionala da. Iparraldeko hirukoteak urte luzeetan euskal folklorea berritzen egin duen saiakera mundu klasikoarekin uztartzea da proiektuaren helburu nagusia.

Horrela, Kalakanek argitaratu dituen hainbat kanta orkestraren mintzairara ekarri ditu Jagoba Astiazaran konpositoreak, tartean, euskal kantagintzan aski ezagun diren 'Iruten ari nuzu' edo 'Kantuz'. Hirukoteak erabili ohi dituen hainbat instrumentu tradizionalek ere presentzia nabarmena dute, txalaparta, txirula edo alboka, esaterako, eta beste instrumentuekin batera orkestran txertatu dira.

Horrez gain, Xalbador eta Bilintx bertsolarien hainbat hitz jaso dira, propio proiektu honetarako sortu diren pieza batzuetan, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren 'Txoria txori' kantaren bertsio guztiz ezberdin bat ere.

KLASIKAT

Diskoa eta aurkezpen kontzertuak barne hartzen dituen KlasikAT proiektu honetan, Jamixel Bereauk, Xan Errotabeherek eta Bixente Etchegarayek osatzen duten hirukoteak esparru sinfonikora jauzi egin du Euskadiko Orkestraren eskutik eta Juanjo Oconen zuzendaritzapean. Grabazioa osatzen duten euskal tradizioko hamabi kanten orkestrarako moldaketak Jagoba Astiazaranek egin ditu.

Duela bi hamarkada baino gehiagotik, Euskadiko Orkestrak apustu irmoa egin du ohiko errepertorioetatik haratago doazen beste generotako musika-ekoizpenaren alde KlasikAT egitasmoaren bidez. Besteak beste, esparru sinfonikokoak ez diren honako artistekin egin du lan orkestrak: Benito Lertxundi, Golden Apple Quartet, Michel Camilo, Emilio Aragón, Kepa Junkera, Mike Oldfield, Ken Zazpi, Dr. Deseo, Zea Mays, Huntza eta Izaro.

Contador