Euskal emakume zinemagileen ikusgaitasuna indartzeko formakuntza eta laguntza programa berria abiatu dute

Noka Mentoring programa aurkeztu dute
IREKIA
Actualizado: lunes, 22 octubre 2018 12:37

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zineuskadi elkarteak Noka Mentoring jarriko dute martxan, euskal emakume zinemagileek ikus-entzunezko sektorean duten pisua eta ikusgaitasuna indartu nahi duen formakuntza eta laguntza programa berria. Ekimenaren bidez egun dauden "kristalezko sabaiak" apurtu nahi dira eta emakumeei laguntza eskaini nahi zaie zinemako proiektuen garapenaren beren lehen esperientzietan.

Asmo horiek lortzeko, "mentoring" eta laguntza pertsonalizatu programa berri bat jarriko da abian. Horren bitartez, hiru zinema proiektu hautatuko dira, hirurak luzemetraiak, eta urtebetez, 12 mentoreen bidez, formakuntza eta aholkua eskainiko zaie. Babes hori eskainiko duten mentoreak nazioarteko zinemagintza industriatik aukeratuak izango dira, euren ospe eta ibilbideagatik.

Ekimena astelehen honetan aurkeztu da, Bilboko Azkuna Zentroan, Zinemakumeak gara! emakumeek zuzendutako zinema topaketaren barruan. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz, Donostia Zinemaldiko zuzendariorde Maialen Beloki eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari eta Zineuskadiko buru Aitziber Atorrasagasti izan dira programa berriaren nondik norakoak azaltzeko arduradunak.

"Emakumeen presentzia ikus-entzunezkoaren sektorean gizonezkoaren azpitik dago, era argian gainera. Hori horrela izanda, programa hau beren beregi sortu da emakume zinemagileen jarduna sustatzeko. Elkartzeko gune irekiak eskaini nahi ditugu zinemagile ekintzaile berriek ibilbide azpimarragarria duten mentoreengandik ikas dezaten, beren formakuntza, ezagutza, esperientzia eta kontaktu sarea hobetuz. Haien ikusgarritasuna sustatu nahi dugu, bai eta beren pisua sektorean ere", azaldu du Muñozek.

"Mentoring" eta laguntza programa hau hastear dago eta astelehen honetan bertan ireki da proiektuak aurkezteko epea. Deialdia abenduaren 14an itxiko da, eta interesatuek noka@zineuskadi.eu helbidera bidali beharko dituzte eskaerak (deialdiaren xehetasunak eta bidali beharreko materiala Zineuskadiren webgunean kontsulta daitezke, astelehen honetatik aurrera).

Luzemetraiak egiteko zinema proiektuak dituzten Euskadiko emakumezko zinemagile guztiek eman dezakete izena Noka Mentoring programan, eta proiektuak fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izan daitezke. Proiektuak hautatuko dituen batzordeko kideak honako hauek izango dira: Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia), Pau Guillén (Zinegoak), Jara Ayucar (Zineuskadi) eta baieztatzeke dagoen beste pertsona bat. Batzordeak hiru proiektu hautatuko ditu, istorioen originaltasuna, sortzaileen talentua edo nazioartekotzeko ahalmen komertziala kontuan hartuz.

URTEBETE

Programak urtebete iraungo du, 2019ko urtarriletik abendura arte. 12 mentoreak nazioarteko zinemagintzaren barruan hautatuak izaten ari dira, eta Aitziber Atorrasagastik lehenengo izenak baieztatu ditu gaur: "Anahí Berneri zuzendari eta ekoizle argentinarra, Itziar García Zubiri ekoizlea (Arena Comunicación) edota Punto de Vista Jaialdiko zuzendari Garbiñe Ortega izango dira zinemagile berriak lagunduko dituzten mentoreetako batzuk".

Hautapen batzordearen zeregina izango da mentore bakoitzari dagozkion proiektuak ezartzea, zinemagileen interes eta helburuen arabera erabakiz. Hori lortze aldera, lehenengo harreman bat bideratuko da antzeko "mentoring" proiektuetan eskarmentua duten profesionalekin, "lan-poltsa" bat osatzeko asmoz.

Aurkezpenean adierazi dutenez, programaren gakoetako bat parte hartzaileen eta mentoreen arteko harremana izango da, "lan ona egiteko oinarria konfiantza eta elkarrizketa egokia lortzea izango baita". Hartara, parte hartzen duten zinemagileen sormen bilakaera eta garapen profesionala lortu nahi dira.

Mentoreen eginkizuna ere izango da hautatuko zinemagileekin bilerak lotzea hiru hilabetean behin, esperientziak eta aholkuak partekatzeko. Sortuko diren taldeen esku egongo da saioen funtzionamendua, baina derrigorrez jorratu beharko dira programaren oinarrizko gaiak eta landu beharko dituzte proiektuak nazioarteko ikus-entzunezko merkatuetan aurkezteko tresnak.

Partaideek aukera izango dute mentoreekin Skype bidezko saio bat egiteko hiru astean behin (banakako elkarrizketaren ostean), eta horietan beren lanaren helburuak eta metodologiak ezarriko dira. Horrez gain, jarraipen eta aholkurako lau jardunaldi jarraian jasotzeko eskubidea izango dute, hiruhileko bakoitzean, Donostiako Tabakaleran. Tutoretza aste hori baino lehenago, hautatutako zinemagileek txosten bat emango diete mentoreei, lanaren bilakaera eta helburuak zehaztuz.

Mentoreek bete beharreko funtzioen artean daude parte hartzaileen zalantzak eta zailtasunak ezagutzea; praktika emango den lekuan bisita egitea (Tabakalera); euren garapen plangintzarekiko ikuspegi berriak lantzeko aholkatzea; antolakuntzan zein maila teknikoan izan ditzaketen oztopoei aurre egiten laguntzea; ikasteko bide berriak frogatzen ausartzea; edota duten kontaktu sarearen zabalkundea sustatzea.

Gainera, programaren barruan beste jarduera batzuk antolatuko dira (ikastaro magistralak, brunch bat zinemagileekin, mahai inguruak, solasaldiak eta abar), nazioarteko ikus-entzunezko industriaren oraina eta etorkizuna lantzeko elkargune ezberdinak sortzeko eta euskal zinema industriaren egitura indartzeko asmoz.

EMAKUMEAK ZINEMAN

Era horretan, programak Euskadiko emakume zinemagileen lana sendotu nahi du. Ildo horretan, Joxean Muñozek adierazi duenez, 2016an Kultura Behatokiak emakumeak sektorean duen pisuaren inguruan plazaratu zituen datuak ezagutu ondoren sortu zen proiektua.

Azterlan horrek jaso zuenez, formakuntza espezializatuan matrikulatzen direnen %60 emakumeak badira ere, zuzendarien %30 baino ez dira emakumeak, eta zinema gidoiak lantzeko Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzetara aurkezten diren profesionalen %19,7 baino ez dira emakumeak.

Halaber, emakumeak ikus-entzunezko enpresetako profesionalen %40,5 badira ere, ardura handiko lanpostuetan %25 baino ez dira. Egoera honen ondorioz, zinema da ardura handiko postuetan emakume gutxien dituen sektorea kulturaren esparruan. Azkenik, lanpostu artistikoen % 36,1 baino ez dituzte betetzen emakumeek.