Euskal Kammerphilharmoniak eta Felix Ayok hasiko dituzte gaur Getxoko (Bizkaia) 26. Kontzertu Klasikoak

Actualizado 2011/03/08 11:06:51 CET
- GETXOKO UDALA

BILBO, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Kammerphilharmonia ganbera taldeak eta Felix Ayo biolin-jotzaileak hasiko dituzte gaur Getxoko (Bizkaia) 26. Kontzertu Klasikoak. Zikloa martxoaren 11ra arte izango da eta, aipatutako saioaz gain, Rodolfo Alberoren eta Manuel Arizaren lied errezitaldia eta Victoria ganbera taldearen eta Josep Colomen kontzertuak eskainiko ditu. Saio guztiak Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango dira, 19:30etan, eta sarrerak dagoeneko salgai daude.

Getxoko Kultur Etxeko iturriek adierazi dutenez, bihar Euskal Kammerphilharmonia izango da entzungai. Euskal Herrian parekorik ez duen taldea da, garai Zehatz bateko errepertorioa lantzen duen lehen ganbera orkestra profesionala delako, hau da, azken barrokotik hasi eta Vienako klasizismora arteko errepertorioa. Kontzertu honetarako, euskal biolinista entzutetsuenetako baten laguntza izango du orkestrak: Felix Ayo. I Musici talde famatuaren sortzaile eta partaidea da Ayo, eta nazioarte mailako hainbat sariren irabazlea.

Bihar, Rodolfo Albero tenorearen eta Manuel Ariza pianistaren txanda izango da. Lied-ez osaturiko kontzertua eskainiko dute, Robert Schumann-en omenez. Lehenengo zatian, musikagile alemanaren zenbat lied interpretatuko dituzte, Heinrich Heine-ren olerkietan oinarritutakoak, eta bigarren zatian, nazioarteko lied-ak izango dira nagusi, eta zenbait egileren lanak eskainiko dituzte.

Ostegunean, Victoria ganbera talde errusiar famatua izango da Getxon. Talde gazte hau 2002an sortu zen, ahalik eta musika-literatura zabalena lantzeko asmoz, gutxieneko taldekide-kopuruarekin. Errepertorioari dagokionez, makina bat garai eta estilo jorratzen dituzte, hala nola barrokoa, erromantizismoa, XX. mendeko herri musika eta XXI. mendeko musikagileen lan modernoak.

Azkenik, zikloari bukaera emateko, ostiralean, beste artista beterano bat izango da entzungai: Josep Colom painista bartzelonarra. Espainiako Musikaren Sari Nazionala eskuratu du eta orkestra ugarirekin lankidetzan jarduten du. Frantzian ekitaldi ugari eskaintzen ditu, bertan grabatu baititu bere disko gehienak. Getxoko saioan, Colomek Schumann eta Liszt-en bi pieza interpretatuko ditu, egileek batak besteari dedikatutakoak.