Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa sendotzea helburu duen jardunaldia larunbatean, Azpeitian

Jardunaldiko irudia.
UEU

Actualizado: viernes, 18 octubre 2019 11:46

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Jalgi, Elkar Fundazioa, Ikaselkar, Hik Hasi, Azpeitiko Udala eta Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) erakundeek antolaturiko 'Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi' jardunaldia izango da larunbatean, urriaren 19an, Azpeitiko Basozabal jauregian (Gipuzkoa). Ziklo baten hasiera izateko antolatutako topaguneak egungo kultur bitartekaritza izango du hizpide, eta euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea helburu. Lehen jardunaldian hezkuntza arautuan jarriko dute arreta.

Antolatzaileek jardunaldiaren aurkezpenean azaldu zutenez, azken hamarkadetan kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak eraldatu dira: sorkuntza testuinguru berriak sortu dira, kultur industrian eraldaketak gertatu dira, kazetaritzaren parametroak aldatu dira, hezkuntza arautuan pedagogiak berritu dira, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntza murriztu da eta kultur kritikaren ekarpenak sakabanatu dira. Testuinguru berriak modu berezian eragin du euskal kultur sorkuntzaren transmisioan, are ahulagoak direlako kultur egiturak eta kultur esparruak.

Jardunaldi zikloa izateko asmoa duen topaketan egungo kultur bitartekaritza izan nahi dute hizpide, betiere euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea helburu izanik. Norabide horretan, jardunaldiz jardunaldi, kultur bitartekaritzaren hainbat eremutara hurbiltzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek, bitartekaritzan esku hartzen duten eragileen egoera ikusgarri egiteko, baina, batez ere, eragile horiekin batera esparruz esparru kultur bitartekaritzaren erronkak zehazteko.

Horrela, larunbateko lehenbiziko jardunaldian hezkuntza arautuan jarriko dute arreta, eskola bitartekaritzaren egoeraz gogoeta egin eta kulturaren irakaskuntzaren erronkak xehatzeko asmoz.

Jardunaldiak elkargune izan nahi du, aurrera begira kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan hausnarketa eta eragin gunea bilakatzeko helburua duena. Hori dela eta, antolatzaileek euskal kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan interesa edo kezka duten guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, eta modu berezian dei egiten diete hezkuntza arloko profesionalei, hezkuntza zein kultur arloko ikertzaileei, kultur arloko sortzaileei eta kulturaren transmisioan lan egiten duten profesionalei.