Euskal ondare digitala bildu, erakutsi eta interpretatzeko modu berriak eskainiko ditu OndareBideak webguneak

Actualizado 2016/09/28 17:53:54 CET
OndarteBideak webgunea aurkeztu dute
DONOSTIA 2016

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak OndareBideak proiektua sustatu du, eta euskal ondare digitala bildu, erakutsi eta interpretatzeko modu berriak jarriko ditu ondarebideak.dss2016.eu webgunean. Elhuyar Fundazioak garatu du egitasmoa, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) IXA ikerketa taldearekin eta Euskomedia Fundazioarekin batera.

Egitasmoaren sorreran parte hartu duten erakundeetako ordezkariek aurkezpenean azaldu dutenez, Internetek bide berriak zabaldu ditu ingurua ezagutzeko, bidaiatzeko, harremanak egiteko eta museoak bisitatu eta ezagutzeko, eta OndareBideak proiektuak, teknologia berrien arloan aurrerapausoa emanez, webgune interaktibo batean euskal ondarea bildu eta hura ezagutzeko modua jarri nahi du.

"Museo andana daukagu gurean, eta, haietara bisita eginez, gure ondarearen eta kulturaren berri jaso dezakegu. Horrez gain, lekuan bertan ez ezik, atari digitalen bidez ere egin ditzakegu bisitak. Baina, tamalez, ondarea erabat sakabanatuta dago, eta, ezagutu ahal izateko, beharrezkoa da erakunde horietara jotzea", azaldu dute.

Horrela, ondare hori guztia gune bakarrean bildu eta erakustea da OndareBideak webgunearen asmoa, "Donostialdeko funtsetatik abiatuz, euskal kulturaren museo birtual bihurtzea, hain zuzen". Egun, 30 erakunderen funtsak biltzen ditu egitasmoak, eta 400.000 elementutik gora daude ikusgai (argazkiak, bideoak, artikuluak, partiturak, kantuak, eskutitzak), zenbait ibilbide edo erakusketatan antolatuta. "Erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta, guztion artean, sare kultural osatu, indartsu eta aberats bat osatzea da helmuga", gaineratu dute.

Donostia 2016k "eduki kulturalak edonoren esku jartzeko ahalegina egin du egitasmo honekin, edukiak ikusi, erabili eta berriak ere sor daitezen, beti ere funtsen jabe diren erakundeen lizentziak errespetatuz". Horrez gain, garatutako teknologia guztia kode irekian egindakoa da, eta lizentzia libreekin banatuko da, herritar eta erakunde guztien eskura egon dadin.

HERRITARRAK

Halere, erakundeak ez ezik, herritarrak ere protagonista izango dira. Lehenengoek zabaldu ahal izango dituzten bilduma zein edukiez gain, herritarrek ere aukera izango dute eduki berriak txertatzeko, erakusketa digitalak egiteko eta beste herritar batzuek prestatutako erakusketak bisitatu eta haien gainean iritzia emateko.

Une honetan, erakusgarri gisa, Gaur taldearen egileak eta obrak ezagutzeko ibilbidea, euskal mitologian barrena eramaten duena; Bidasoaldetik muga zeharkatzen zuen Comète sareari buruzko ibilbidea; euskal zinema zuzendarien inguruko ibilbidea eta beste hamaika daude.

"Ibilbide birtual horiek gure ondarea eta kultura hobeto ezagutzeko abiapuntu egokia eskaintzen digute, eta pantailaren bidez ezagututakoa bertatik bertara ezagutzeko gogoa piztea dute helburu. Asmo horrekin, mundu birtualetik fisikora jauzi eginez, adituen eskutik kalera aterako ditugu ibilbideak, bertatik bertara ezagutu eta gozatzeko", azaldu dute.