Euskaltegien matrikulazio kanpainarekin bat egin dute Bilboko Udalak eta euskaltegiek

Bilboko Udaleko eta euskaltegietako ordezkariak
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 22 septiembre 2020 15:52

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak eta euskaltegiek bat egin dute Eusko Jaurlariutzak sustatu duen euskaltegien 2020-2021 ikasturterako matrikulazio kanpaina berriarekin. 'Euskara ikasteko zure formula' da kanpaina leloa, eta euskaltegiak ikasleei eskaintzarik malguena eta zabalena eskaintzeko egiten ari diren ahalegina nabarmendu nahi du.

Udaleko zein euskaltegietako ordezkariek azaldu dutenez, covid-19ak eragindako ezohiko egoerari erantzuteko, eta osasun neurriak kontuan hartuta, ikasturte berrian garrantzi handiagoa izango dute aurrez aurreko klaseek eta mistoek, errazago baita haien bidez osasun eta segurtasun neurriak betetzea.

Funtsean, lau ikastaro mota eskainiko dira, malgutasun handia izango den arren. Lehenak, ohikoa denez, aurrez aurreko ikastaroak eskainiko dira, betiere ikasgeletan segurtasun neurriak betetzen direla bermatuz. Era berean, ikastaro mistoak ere eskainiko dira, aurrez aurreko jarduera eta ez presentziala uztartuz.

Hirugarrenik, nork bere kasa ikasteko ikastaroak izango dira, eta inoiz baino aukera gehiago eskainiko da nork bere ordenagailuarekin ikasteko. Azkenik, bideokonferentzia bidezko taldeak eskainiko dira, ikasgela birtualen bidez, taldeen barruan eta ordutegi finkoetan irakasleen laguntza izango delarik. Gainera, ohikoa denez, egonaldiak eskainiko dira, bai barnetegietan, bai kolektibo eta enpresentzako ikastaroetan.

OSASUN NEURRIAK

Euskaltegi guztietan bermatuko dira covid-19aren kontrako osasun neurriak, eta bakoitzak bere kontingentzia plana izango du. Nabarmendu dutenez, "helburua da ikasleak etortzea euskaltegietara, eta, ahal dela, aurrez aurre egitea ikastaroak". Eskaintza malgua izango da, ikaslearen beharrizanen arabera, baina lehentasuna izango da aurrez aurreko irakaskuntza sustatzea, hori delako eraginkorrena.

Ikasleek euskara eraginkortasunez ikasten badute eta dagokien maila gainditzen badute, matrikula ordaintzeko dirulaguntza eskatu ahal izango dute. Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen ekarpenari esker, euskara ikastea dohainik da B2 mailaraino, ikasleak bi betebehar betez gero: %75eko bertaratzea izatea eta dagokion maila gainditzea (ikasketa prozesuan aurrera egitea, alegia).

Bilboko euskaltegietan 9.000 ikasle inguru matrikulatu ziren aurreko ikasturtean. Emakumezkoa, goi mailako ikasketak dituena eta 25-50 urte bitartekoa da profila.

Bilboko Udalak urtero egiten du dirulaguntza deialdia euskara ikasten ari diren eta hirian erroldatuta dauden pertsonentzat. Gurasoak, monitoreak eta errenta baxua daukaten pertsonak dira laguntzen hartzaileak. Deialdiari buruzko informazioa udalaren webgunean eta www.bilbaoeuskaraz.eus webgunean argitaratzen da.