BILBO, 30 (EUROPA PRESS)
Euskaltel-Euskadi taldeak maila handiko bost txirrindularitza klasikori egingo die aurre datozen zortzi egunetan. Hasteko, Binche-Chimay-Binche jokatuko du asteartean, urriaren 1ean, Belgikan, eta ondoren, Italia aldean ariko da, Giro dell'Emilia (urriak 5), Coppa Agostoni (urriak 6), Coppa Bernocchi (urriak 7) eta Tre Valli Varesine (urriak 8) klasikoetan parte hartzeko. Berrikuntza nagusia da Laboral Kutxako Ander Ganzabal lehiatuko dela elastiko laranjarekin lehen aldiz.
Binche-Chimay-Binche/Memorial Frank Vandenbroucke (1.1) lasterketarako taldea honako hau izango da: Jon Aberasturi, Nicolas Alustiza, Xabier Berasategi, Ander Ganzabal, Txomin Juaristi, Gotzon Martin eta Iker Mintegi. 198,6 kilometroko ibilbidea da eta 25 taldek hartuko dute parte, hamar WorldTourrekoak eta bederatzi ProTeam mailakoak.
Beste alde batetik, taldeak bederatzi txirrindulari deitu ditu Italiarako: Nicolas Alustiza, Xabier Berasategi, Unai Cuadrado, Asier Etxeberria, Ander Ganzabal, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Gotzon Martin eta Iker Mintegi. Proba bakoitzean zazpi lehiatuko dira.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunaren hitzetan, "helburua lehian jarraitzea eta puntuak batzea da. Belgikara Aberasturiren aukera nagusiarekin joango gara, Europako Txapelketan izandako erorikotik erabat sendatuko delakoan, baita Gotzonekin edo Berasategirekin ere, azken zatian egon daitekeen multzo batekin".
"Italiakoak lasterketa gogorragoak dira, igotzailentzat egokituagoak, eta parte hartze maila oso altua izango dute. Multzo bat aurkezten dugu taldeari sendotasuna emateko, lasterketaren amaieran nabarmentzeko eta ahalik eta aurreratuen ordezkatuta egoteko, Berasategi, Gotzon eta Juaristi taldekideekin batez ere", azaldu du.
Mikel Bizkarra, Iker Bonillo, Joan Bou, Xavier Cañellas, Victor de la Parte eta Andoni Lopez de Abetxuko osatuko dutn beste multzo batek Langkawiko Tourra jokatuko du Malaysian urriaren 6ra arte.