Actualizado 13/05/2022 15:52

Euskaltzaindiak eta BBK-k 2021eko Azkue Literatura sariak banatu dituzte

2021Eko Azkue Literatura Sariak Banatu Dituzte
EUSKALTZAINDIA

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak eta BBK-k 2021. urteko Resurreccion Maria Azkue Literatura sariak banatu dituzte ostiral honetan, Akademiaren egoitzan, Bilbon. Guztira 526 partaide aurkeztu dira lehiaketan, iazko kopurua aise gaindituz, eta epaimahaikideek azpimarratu dutenez, "gai sakonak" jorratu dira idatzietan, eta "ikuspuntu originalak" proposatu.

Sariak emateko ekitaldian, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Bilbao BBKren Kultura arloko arduradunak hartu dute parte.

Ekitaldiaren hasieran, Andres Urrutiak irabazleak zoriondu ditu. Literaturaren bidetik jarraitzeko eskatu die, euskal kulturaren eta euskararen mesedetan, eta agindu die beste horrenbeste egingo duela Akademiak, "gure hizkuntza eta gure literatura babestuz eta sustatuz".

Koldo Bilbaok ere izan ditu hitz batzuk sarituentzat: "Kultur ekoizpena bultzatu, eta beren-beregi euskarazkoa, zeregin garrantzitsua da BBKrentzat, eta sari hauek egiten dugunaren lagin deigarria dira".

Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat), eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

A mailan, Karla Loinaz -narrazioan- eta Nerea Cestona -poesian- gailendu dira; B mailan, Malen Sarasola izan da irabazlea narrazioan eta Sara Uribe-Etxeberria poesian. Beste behin, Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan da lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea, eta sari berezia jaso du horregatik.

Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. A mailan, Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni izan diar epaimahaikide, eta B mailan, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.

Epaileek azpimarratu dutenez, "gai sakonak" jorratu dira aurtengo idatzietan, eta sarritan "ikuspuntu originalak" proposatu. Bizitzaren ertz guztiak "sakon aztertzeko gogoa" sumatu dute partaideengan.

Contador