Euskaltzaindiak Joseba Intxaustiren eta Mikel Zalbideren liburu berriak argitaratu ditu

Actualizado 2011/02/25 14:58:23 CET

BILBO, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak bi liburu berri aurkeztu ditu gaur. Lehena

"Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak" da, Joseba Intxausti ohorezko euskaltzainarena, eta Etxeberri bilduma berriaren lehen zenbakia da. Bestea "Euskararen Legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa", Mikel Zalbide euskaltzain oso eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Euskara Zerbitzuaren buruak paratua, eta Akademiak argitaratzen duen Jagon bildumaren 11. zenbakia.

"Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak" lanari dagokionez, argitalpen honekin hasten du Euskaltzaindiak bilduma berri bat, Etxeberri izenekoa. Bilduma horretan euskararen historia soziolinguistikoari buruzko lanak -agiriak eta ikerlanak, idazlan berriak eta lehendik sakabanatuta daudenak- bilduko dira. Oro har, gure artean kaleratu izan diren idazlan historiko-soziolinguistikoak aurkeztuko dira bilduma berrian, baita dagoeneko eskueran ez daudenak -eta premiazkotzat jotzen direnak- ere.

Euskaltzaindia Euskararen Historia Soziala (EHS) egiten ari da, eta horretarako sortua du Mikel Zalbide euskaltzainak zuzentzen duen Joanes Etxeberri egitasmoa. Hala bada, "Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak" argitalpenaren helburu nagusia EHS ezagutu ahal izateko eskura dauden argitalpenak aurkeztea da, liburuak eta artikuluak bilduz.

Euskararen iragan soziala ezagutu eta arakatu nahi dutenentzat pentsatuta dago argitalpena, eta bereziki ikertzaile eta ikertzaile-gaientzat egin da bilketa hau. Batez ere, ikertzaile gazteak izan ditu gogoan Euskaltzaindiak.

Liburuak hiru atal nagusi ditu: hitzaurre teknikoa, erreferentzia bibliografikoen zerrenda eta idazlanetako gaien aurkibidea. Orotara, 4.440 erreferentzia jasotzen ditu, hizkuntzaren historia sozial orokorrera hurbiltzeko bibliografia hautatua eskaintzen duelarik: 1.657 liburu, 1.955 artikulu eta 828 hitzaldi edo liburu-kapitulu.

Idazlan-zerrenda hori erabilgarria izan dadin, erreferentzien gai-aurkibide zabala gehitu da, historia kronologikoa eta kontzeptuala eskuratu ahal izateko, Antzinatetik hasi eta gaurdaino, gertakari sozial, instituzional eta kulturalak zerrenda alfabetiko batean eskueran jarriz.

Herriak, herrialdeak, erakundeak, mugimendu sozialak, pentsamendu soziolinguistikoa, historiako une beroak, hizkuntzen aldeko eta aurkako ekimenak, ahalegin sozial eta politikoak edo hizkuntza idatziaren historia bezalako gaiak ezagutzeko baliabide bibliografikoak aurkituko ditu irakurleak argitalpen honetan.

Bestalde, ezagutu ohi diren "Bibliografien" ondoan, ez-ohiko argibideak ematen dizkio liburu honek irakurle interesatuari: hain zuzen, erreferentzia bibliografikoaren ondoan (egilea, titulua, argitaletxea, urtea eta abar.), orain arte emangarriak ez ziren xehetasunak bildu baitira, liburu, aldizkari eta testuen eskuragarritasuna begi-bistan uzten dela.

Aipatutako liburuak eta aldizkariak zein liburutegitan dauden esaten da (28.000 liburutegi-aipamen). Liburu-aldizkarietako testuak interneten bidez nondik eskura daitezkeen ere bai zehazten da. Izaskun Etxebeste eta Koro Segurola Euskaltzaindiko teknikariek ere lan egin dute liburu honetan.

MIKEL ZALBIDE

Bestalde, Mikel Zalbideren "Euskararen Legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa" liburuaren abiapuntua 2007an Euskaltzaindiak egin zituen Jagon Jardunaldietan dago. Euskararen Erabilera Normaltzeko Oinarri Legea 25 urte betetzen zituenez, legeak mende-laurdenean izandako bilakaeraz gogoeta-saioa egin zen aipatu jardunaldi horietan.

Alde askotatik jorratu zen gaia: administrazioa, kulturgintza, komunikabideak. Mikel Zalbide euskaltzain osoak parte hartu zuen jardunaldietan, eta hezkuntza alorreko bilakaeraz balioespen teknikoa egin zuen. Liburu hau da orduko emaitza.

Liburua perspektiba soziolinguistikotik idatzia dago, baina beste hainbat alor ere kontuan hartzen ditu: jurilinguistika, hezkuntza elebiduna, demolinguistika eta, ororen gainetik, euskara indarberritzeko saioan hezkuntza alorreko aplikazio-neurrien ekarpena.

Aparteko lekua eskaini zaie, beti, hizkuntza-soziologiaren alorreko gai nagusiei: bai legea onartu aurreko gizarte-giroari eta bai handik mende laurdenera gailentzen ari zenari ere. Hori egiterakoan oso kontuan izan dira, batetik, erabilera kontuak. Berariaz aztertu dira, bestetik, EAEko hiritarren iritzi-jarrerak.

A, B eta D ereduek ordutik hona izandako bilakaera aztertzen da, eta aparteko analisia eskaini zaie horregatik, hainbat kasutan, ikastetxe publikoei eta pribatuei, Haur Hezkuntzari, LMHri eta Bigarren Hezkuntzari, edota lurraldez lurraldeko garapen bereziari. Ereduen garapen horrek izan duen joera nagusia, A jaistekoa eta D haztekoa, oso nabarmen ageri da analisi horietan.

Bestalde, hizkuntzazko gaitasun-agirien jestioak (EGAk, Hizkuntza Eskakizunek) irakasleen hizkuntza-prestaerak (IRALEk), ikasmaterialgintza bideratzeak (EIMAk) eta erabilera indartzeko eskola-ekimenak (NOLEGAk eta ULIBARRIk) ere aztertzen dira.

Emaitzak eta erronkak bezalako alderdi eta gai ugari errepasatzen ditu Mikel Zalbidek. Bestetik, hauek bezalako galderek liburuan dute erantzuna: "Ondo egin al dira gauzak eskola-munduan? Betetzen al da legea? Zertan asmatu da?".

Azken gogoeta-saioaz amaitzen da lana. Mikel Zalbideren aburuz, "euskara ez doa, oro har, berehala galtzera; elebitasuna dugu, orain eta hemen, euskaldunon bizi-aukera bakarra; euskarak "bere lekua" behar du ordea, galduko ez bada (edozein elebitasun-ereduk ez du balio); perspektiba horretan txertatu behar da, hortaz, eskolako jarduna; legearen baitan gehiegizko konfidantza jartzeko arriskua dago, orduan zegoen bezala, eta ofizialtasunaren kontzeptua argitasun eske dago".