Euskaltzaindiaren Iruñeko nazioarteko biltzarrean izena emateko epea astelehenean amaituko da

Nazioarteko biltzarra Iruñean
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 11 enero 2019 12:03

   BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak 21 hizlari bilduko ditu urtarrilaren 17an eta 18an, Iruñeko Baluarte jauregian, "Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi - XXIII. Jagon jardunaldia" nazioarteko biltzarrean parte hartzeko. Baionako solasaldiaren eta Arantzazuko nazioarteko biltzarraren ondoren, mendeurrenaren baitan Akademiak antolatzen duen hirugarren jardunaldi akademikoa izango da Baluartekoa. Izena emateko epea datorren astelehenean amaituko da, urtarrilaren 14an.

   "Hizkuntza gutxiagotuei buruzko ikuspegia landu eta aurreratu nahi da biltzar honetan", iragarri zuten Euskaltzaindiako arduradunek aurkezpenean. "Bide batez, beste lurraldeetan egiten den lana Euskal Herrikoarekin uztartu nahi da, betiere aldarte akademiko egokia bilatuz eta euskararen erabilera soziala eta hizkuntza eskubideen alorrak barneratuz", esan zuten.

   Horrela, nazioarteko adituen artean, besteak beste, ondokoek parte hartuko dute: Alain Viaut Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko irakaslea; Jeroen Darquennes (University of Namur-Belgika); Cor van der Meer (Frisieraren Akademia), Elena Chiocchetti (Institute for Applied Linguistics), Jean-Guy Talamoni (Korsikako Parlamentuko presidentea), Henrique Monteagudo (Galizieraren Errege Akademia), Joan Argenter (Institut d'Estudis Catalans), edo Sixto Molina (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren idazkari eragilea).

JAGON

   Bestalde, Euskaltzaindiak Jagon sailari ekingo dio Iruñean, bertara bilduko baitira hiru osagai nagusi jorratzeko. Hain zuzen, batetik, Euskaltzaindiak historian zehar egin duen euskararen normalizaziorako ibilbidea aztertuko da, Jagon sailaren eskutik, eta, bestetik, nazioarte mailan eta Euskal Herrian egun indarrean dauden araudiak eta esperientziak partekatuko dituzte, hizkuntza gutxiagotuen inguruko sarea ehunduz.

   Azkenik, Akademiaren barruan Jagon saileko Sustapen batzordearen lana bizkortu nahi dute, Euskaltzaindiak arlo honetan egin dituen ekarpenak agertuz, hots, "Euskaltzaindiaren Adierazpenak (1976-2018)" eta "Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz" argitaraldi berri eta elektronikoak aurkeztuko dituzte.

   Euskaltzaindiak ahalegin berezia egingo du biltzarrean hizkuntza gutxiagotuen akademia desberdinen arteko elkarlana sustatzeko: "Ikertzaile eta aditu hauen bisita profitatu nahi dugu hizkuntza gutxiagotuen akademia desberdinen arteko elkargunea sortzeko, kezka komunak lantzeko erabiliko litzatekeena", adierazi zuten.