Euskara lan munduan txertatzeko "inoizko baldintzarik onenak" daudela dio Jaurlaritzak

Jardunaldian izan diren herri ordezkariak
IREKIA
Actualizado: miércoles, 14 noviembre 2018 13:29

Tapiak nabarmendu du euskara enpresaren munduan sustatzea "bikaintasunarekin" eta "kudeaketa aurreratuarekin" lotzen dela

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

Arantxa Tapia Ekonomia Garapenaren eta Azpiegituretako sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskara lan munduan sustatzeak duen garrantzia nabarmendu dute, eta horretarako "inoizko baldintzarik onenak" daudela ziurtatu dute. Gainera, Tapiak azpimarratu du euskara enpresaren munduan sustatzea "bikaintasunarekin" eta "kudeaketa aurreratuarekin" lotzen dela gero eta neurri handiagoan.

Tapiak eta Zupiriak Eremu Sozioekonomikoaren Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko hirugarren jardunaldi irekian parte hartu dute asteazken honetan, Arabako Parke Teknologikoan. Jardunaldia Plan Estrategikoa gorpuzteko urtean zehar garatzen ari den prozesu partekatuaren baitan antolatu da. Erakundeak, enpresaren munduko ordezkariak, sindikatuak, garapen agentziak, finantza entitateak, merkataritza sektorea, kontsumitzaile elkarteak eta hezkuntzaren eta euskalgintzaren eremuetako eragileak ari dira plana lantzeko zereginean.

Zupiriak adierazi duenez, eremu sozioekonomikoan euskara sustatzearen gainean gogoeta egitea eta, horrekin batera, 2019tik 2023ra garatzeko estrategiak planifikatzea da helburua: "Diagnosi partekatu bat adostu nahi dugu, helburu estrategikoak definitu nahi ditugu eta, azkenik, horiek gauzatzeko ekintzak ezarriko ditugu".

Testuinguru horretan, Tapiak euskararen zeharkakotasuna nabarmendu du: "Sail guztiek, nork bere arduratik, euskara indartzeko lan egin behar dute, eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailetik ere badago zer egin euskararen alorrean. Euskara lan munduan indartzeaz ari bagara, gure sailak badauka zer esana eta zer egina. Eta egiten ari gara. Euskararen aldeko jarrera aktiboa daukagu eta, abian ditugun ekimenez gain, Plan Estrategikoa jorratzeko bidean lagunduko dugu".

Tapiaren iritziz, "inoizko baldintzarik onenak" daude euskara eremu sozioekonomikoan garatzeko: "Gero eta langile gehiago dira euskaraz lan egiteko gai. Joera hau, gainera, are nabarmenagoa izango da datozen urteotan. Geldiezina da. Era berean, hizkuntza eskubideen inguruko kontzientzia gero eta errotuago dago, eta gizarteak gero eta neurri handiagoan aldarrikatzen du hautatzen duen hizkuntzan hitz egiteko eskubidea. Euskararekiko atxikimendua inoizko handiena da eta hainbat enpresa eta erakundetan egindako lanak erakutsi digu euskara sustatzeak ekar ditzakeen eragin positiboak. Gizarte erantzukizunaren ikuspegitik, euskara balio bat da".

HIZKUNTZEN KUDEAKETA

Horrela, Ekonomiaren Garapenaren eta Azpiegituretako sailburuak esan duenez, kudeaketa aurreratuaren ikuspegitik, "genero berdintasuna edo jasangarritasuna garrantzitsuak diren bezala, hizkuntzen kudeaketak ere garrantzia handia hartu du". "Testuinguru eleanitz batean, euskarak badu toki esanguratsua. Euskararen kudeaketatik ikasitakoak ekarpen handia egin diezaguke gainerako lurraldeetako plantetan edo harreman komertzialetan. Balio erantsia da", esan du.

Gizarte erantzukizuna ere izan du hizpide Tapiak, gero eta indar handiagoa hartzen ari baita lan munduan. Bere hitzetan, "gizarte erantzukizunaz ari bagara, ezinbestekoa da euskara kontuan hartzea. Bikaintasunaren ikuspegitik, gainera, enpresek hizkuntzen kudeaketa zaindu beharra daukate bezero eta hornitzaileekin dituzten harremanetan".

Azkenik, Ekonomiaren Garapenaren eta Azpiegituretako sailburuak adierazi du lan munduak "ekarpen handia" egin dezakeela euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa sustatzeko bidean: "Orain dela zenbait hamarkada industriak gizartea erdaldundu zuen moduan, orain, beste jarrera batetik abiatuta, euskararen erabilera sustatzen lagundu dezake".

PLAN ESTRATEGIKOA

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila aurten hasi da Eremu Sozioekonomikoaren Euskararen Plan Estrategikoa lantzen, eta helburua da datorren urtearen hasieran gauzatuta izatea. Lehenik eta behin, arlo ezberdinetako entitateekin batera, gogoeta eta erabakien partekatzea sustatu da. Bigarrenik, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eremu sozioekonomiko pribatuan hizkuntzen kudeaketaren gaineko analisia egin da. Azkenik, diagnosiaren araberako Plan Estrategikoa gauzatuko da, 2019-2023 epealdirako.

Plan Estrategikoan honako informazio hau jasoko da: helburu eta adierazle estrategikoak; 2019-2023 aldirako plangintza zehaztuko da urtez urte; planerako jarraipen metodologia bat proposatuko da; eta 2019-2023 aldiko ebaluazioa egiteko adierazleak proposatuko dira.

Plan Estrategikoa egindakoan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zabalkundea egin beharko du. Horrekin batera, urtez urteko plangintza gauzatzeko aukerak aztertu beharko ditu. Orain arte egindako lanari erreparatuz, litekeena da erronka eta premia berriak sortzea euskara lan munduan sustatzeko bidean, hala nola Lanbide Heziketarekin eta unibertsitatearekin aliantzak sortu behar izatea, baliabide berriak eskaini behar izatea edota programa berriak garatu behar izatea.