'Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu' jardunaldia egingo da aste honetan, Gasteizen

- UEU

Actualizado: lunes, 30 septiembre 2019 14:07

GASTEIZ, 30 (EUROPA PRESS)

ELEBILAB Elebitasunaren Laborategiak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 'Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu' jardunaldia egingo dute Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, ostiralean eta larunbatean, urriaren 4an eta 5ean. Euskal Herriko elebitasun goiztiarrak eta haren ikerketak ia hiru hamarkadetan zehar izandako aldaketari buruz hausnartu eta haren emaitza gizartearekin partekatzea da helburua.

Antolatzaileek jakinarazi duenez, bost azpiatalek osatuko dute jardunaldia: irakaskuntza eleaniztuna, irakasleen prestakuntza, euskaldun elebidun goiztiarren hiztegia eta gramatika, hizkuntza aniztasuna munduan eta Euskal Herrian, eta ahozkoaren didaktika eta diskurtsoaren analisia.

"Elebitasun-eleaniztasunaren ikuspegi diakroniko honek aukera bikaina eskaintzen du Euskal Herriko hizkuntzen erabilerari eta irakaskuntzari buruzko ikerketa non dagoen kokatzeko. Halaber, datozen garaietarako erabilgarria izango den hausnarketa piztu nahi du", azaldu dute.

Hizlarien profil aniztasuna nabarmendu dute antolakuntzatik; hala, ikerketan ibilbide luzea egin duten adituak nahiz berriki ikerketan hasi direnekin batera aritzeko aukera izango dute entzuleek. Belaunaldiz belaunaldiko ezagutza transmisioa hizkuntzan ezezik ikerkuntzan ere garrantzizkoa dela ikustarazi nahi dute antolatzaileek.