Euskara sustatzeko erronkak identifikatu eta taldean landuko dituzte Arabako enpresen foroan

Arabako enpresen foroaren aurreko bilera bat
IREKIA
Actualizado: jueves, 16 septiembre 2021 16:03

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak lankidetzan sustaturiko Arabako enpresen foroak euskara sustatzeko erronka identifikatu eta taldean landuko ditu. Iaz sorturiko foroak jarraipena izango du 2021ean eta Bai Euskarari Elkartea arduratuko da bere kudeaketaz. Irailaren 23an egingo da enpresa foroaren lehen saioa, eta izen-ematea zabalik dago.

Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik jakinarazi dutenez, iaz foroan parte hartu zuten enpresen iritziz, guztion artean lortu behar da barruko harreman eta lanean zein kanpora bezeroekiko harremanetan euskara ere baliatzen duten edo baliatu nahi duten enpresa gehiago identifikatzea, elkartzea eta sare sendo bat osatzea, egungo Arabako gizartearen isla izango dena.

"Bakoitzak bere egoera propioa dauka, bere helburuak ditu, bere erritmoa. Baina helburua da elkarri laguntzea, elkarrengandik ikastea, lagungarriak izan daitezkeen ereduak eta baliabideak eskaintzea, eta, hala, elkarrekin erronkari aurre egitea Arabako Lurralde Historikoaren alor sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen laguntzeko", adierazi dute.

Aurten, enpresa bakoitzak bere erronkak identifikatuko ditu eta erronka horiei aurre egiteko administrazioek eta aholkularitzek zein tresna eta baliabide bideratzen duten adieraziko da. Gainera, beste enpresa batzuetan erronka horiei nola egiten dieten aurre ere ikasiko dute parte hartzaileek.

Irailaren 23an egingo da foroaren lehen saioa, 09:00etatik 11:00etara, Gasteizko Europa biltzar etxean. Parte hartu nahi dutenek izena eman ahal dute https://labur.eus/V7xOx web orrian. Beste bi saio izango dira aurten, azaroaren 4an eta abenduaren 2an.