BILBO, 3 (EUROPA PRESS)
Euskaraldiaren bigarren edizioa egin zen 2020an, eta 178.184 belarriprest eta ahobizik eman zuten izena, 2018an egindako lehen edizioan baino %20,9 gutxiago, covid-19aren pandemiak eraginda. Edonola ere, bost parte hartzailetik batek lehen aldiz eman zuen izena ariketan, eta belarripresten artean, lehen aldiz izena eman zutenak gehiago izan ziren.
Ariketaren bigarren edizioaren inguruan egindako inkestaren datuetako batzuk dira. Ikerketaren emaitzak aurkezteko elkartu dira ostegun honetan Bilbon Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak -Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetako kontseilaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria- eta Siadeco ikerketa elkarteko teknikari eta azterketaren egile Lide Rekondo eta Unai Oiartzun.
Euskaraldiaren antolatzaileek nabarmendu dute lehen ediziotik bertatik oso argi izan dutela ekimena ariketa sozial berritzailea dela, eta horregatik garrantzia berezia eman zaiola orain arte egin diren bi edizioen eragina ikertzeari.
Hiru ikerketa ildotan banatu da ikerlana. Lehenengoan Euskal Herri mailan Euskaraldian izena eman dutenei buruzko azterketa egin da, norbanakoena eta entitateena. Bigarren ikerketa ildoan, parte hartzaileen, norbanakoen zein entitateen jardunari eta jardun horren eraginari buruzko azterketa egin da, horretarako teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiliz. Hirugarren ikerketa ildoan, berriz, batzordeen eta prozesuen azterketa egin da.
Horrela, Euskaraldiaren bigarren edizioan 178.184 belarriprest eta ahobizik eman zuten izena, 2018an baino %20,9 gutxiago. Izen-ematearen jaitsieran covid-19 pandemiak izandako eragina nabarmendu dute koordinazio mahaiko kideek. Halere, iragarri dute bost parte hartzailetik batek lehen aldiz eman duela izena ariketan, eta belarripresten artean, lehen aldiz izena eman dutenak gehiago izan direla.
Halaber, ariketaren inguruko joera asko azaleratu ditu ikerketak, eta, besteak beste, erakutsi du zenbat eta euskaldunagoa izan ingurua, orduan eta altuagoa dela ahobizien kopurua; gune erdaldunagoetan, aldiz, altuagoa da belarripresten proportzioa. Lehen edizioan gertatu zen bezala, ahobizi nabarmen gehiago izan ziren belarriprestak baino. 2020an emakumezkoak izan ziren parte hartzaileen bi heren, eta adin tarteen arabera, 30-44 urtekoena nagusitu zen.
ERABILERA HANDITZEA
Siadeco ikerketa elkarteko kideek azpimarratu dutenez, Euskaraldiaren parte hartzaile gehienek euskararen erabilera handitzea izan dute helburu, eta belarripresten artean pisu handiagoa du euskaraz egiteko aukera berriak bilatzeak.
Ahobizi eta belarriprest rolaren hautaketa, ordea, hizkuntza gaitasunarekin lotzea oraindik presente dago, baina hizkuntza jokabidearen aldeko hautua ageriagoa da belarriprest rola hautatu dutenen artean.
Kaleko eremuan eman da aurrerapausorik handiena eta egonkorrena, nahiz eta bi rolentzat bertan izan den zailena rolen konpromisoak betetzea. Dena den, lehen pausoa ematea lortu da, eta tinkoago eutsi zaio, nabarmendu dutenez.
ARIGUNEAK
Bestalde, entitateen ariketa lehen aldiz egin zen 2020an, eta horrek ariguneetan ariketa modu kolektiboan egiteko aukera eman zien herritarrei. Horrela, 8.309 egoitzak eman zuten izena, eta 24.363 arigune sortu zituzten Euskal Herri osoan.
Ikerketak azaleratu duenez, kanpo arigunea sortzea errazagoa iruditu zaie entitateetako kideei, eta barne ariguneak lanketa sakonagoa behar izan du. Horrekin lotuta, gune euskaldunetan barne arigunearen ariketa errazago egin dute, eta kanpo arigunearena, aldiz, erdaldunetan.
Euskararen aldeko konpromisoa adierazteak pisu handia izan du entitateetan ariguneak sortzeko arrazoien artean, erabilera handitzeak baino gehiago, hain zuzen.
PANDEMIA
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak azaldu duenez, 2020ko Euskaraldia covid-19aren testuinguruan gauzatzea egokitu zitzaien, eta beraz, "aurretiko-bitarteko-ondorengo fasetan eragina izan du aldagai honek".
"Covidaren eragina nabarmena izan da: txapak kalean ikustean, giroan, antolaketan, izen-ematean, mezua zabaltzean, rolak betetzerakoan, parte hartzeko aukeretan. Kaleko presentzia asko gutxitu da pandemiaren eraginez eta bagenekien horrek ariketan bertan ere eragingo zuela. Hala ere, partaideek, oro har balorazio ona egiten dute Euskaraldiaren gainean", esan du.
Era berean, 2022ko ariketa soziala ikusgarriago egin beharra azpimarratu du, "aktibazioaren urtea" izango dela azpimarratuz. Horretarako, alde batetik, kalea berreskuratu beharra azpimarratu du eta, bestetik, identifikagarri eta txapen erabilera indartzeko lan egingo dela, horrek ariketan eragin positiboa duela azpimarratu baita ikerketan.
Bestalde, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu du "ariketa masiboa" izan dela Euskaraldia, eta hel daitekeen unibertso potentzialaren %15era arte iritsi dela bigarren edizioan. Hala ere, oraindik ere "hedatzeko aukera" duela ziurtatu du, "bereziki hiriguneetan kale presentzia handituz".
"Euskaraldiko parte hartzaileek inguruan eragiteko eta aurrerapauso zehatzak eragiteko duten gaitasuna handia da. Kontuan izan behar da erabilera handitzeko ezezik, partaideek inguruan eragiteko duten potentziala handia dela. Horregatik hirugarren edizioan, belarriprest eta ahobiziak eragile aktibo izatea nahi dugu bai euren buruarengan bai ingurukoengan. Ahalegin berezia egingo dugu gainera parte hartzaileen lorpen berriak eskuratu eta hauek ikusgarri egiten ere. Gainontzekoentzat eredu izan daitezke parte hartzaileen bizipen eta lorpenak", azaldu du.
Bere hitzetan, partaideek aitortu dute portaera batzuk errazago aldatzen direla beste batzuk baino: "Lehen hitza euskaraz egitea edo euskaraz dakienari euskaraz egitea dira aldatzeko errezenak. Aurretik erderazkoak edo elebidunak ziren elkarrizketak dira aldatzeko zailenak. Portaera aldaketetan gainera txapak lagungarri direla nabarmentzen dute partaideek: hamar partaidetik zazpik txapa beti, ia beti edo askotan erabili du, eta erabilerak ziurtasuna ematen duela esaten dute".
Azkenik, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria Euskaraldiaren hirugarren edizioko leloari egin nahi izan dio so: 'Hitzez ekiteko garaia'.
"Euskaraldiak hizkuntza ohituren aldaketari eragiten dio. Gaur argitara ematen dugun azterketatik ondorioztatzen den bezala, parte hartzaile askok aurrerapen garrantzitsuak izan dituzte beren inguruneko harremanetan eta euskararen erabileran. Eta horretan jarraitu behar dugu, hizkuntza ohitura aldaketak epe ertain-luzeko prozesuak baitira. Beraz, epe laburreko begiradak alde batera utzi behar ditugu", esan du.