Euskararen eskaintza eta eskari digitala indartzeko deia egingo du PuntuEUS Fundazioak Interneten Nazioarteko Egunean

Euskararen eskaintza eta eskari digitala indartzeko deia egingo du PuntuEUSek Interneten Nazioarteko Egunean
PUNTUEUS
Actualizado: miércoles, 15 mayo 2019 15:05

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

PuntuEUS Fundazioak euskararen eskaintza eta eskari digitala indartzeko deia egingo du Interneten Nazioarteko Egunean, "euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu". Interneteko Nazioarteko Eguna ostiralean ospatuko da, maiatzaren 17an, eta PuntuEUS Fundazioak "Euskararen bizitasun digitala ispiluaren aurrean" izenburuko adierazpena plazaratuko du egun horretan.

Euskal Herrian PuntuEUS Fundazioa da euskal Interneten erakunde erreferentea eta, urtero bezala, euskarazko Interneten jarriko du arreta, bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Horrela, PuntuEUSek ostiralean argitaratuko duen adierazpenak nabarmenduko duenez, "euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu, eskaintza eta eskaria, biak, indartu behar ditugu". Izan ere, PuntuEUSen arabera, euskararen bizitasun digitala ispiluaren aurrean jartzen dugunean, "eskaintza eta eskaria aurrez aurre talka egiten ikus ditzakegu".

Eskaintzari begiratuta, Euskal Herriko webgune guztiak aintzat hartuz gero, euskarazko edukia dutenak 26.663 dira, guztien %16, eta .eus domeinua da euskara gehien erabiltzen duena: kasu honetan euskarazko edukia duten webgune kopurua %89,23koa da.

Horrela, PuntuEUSen arabera, .eus domeinua da "euskararen arnasgune digitala", baina, gaur egun, ingurune digitalean ikus-entzunezkoa denez pisu gehien duen arloa (Interneten 2018an mugitu zen trafiko guztiaren %57 bideoa zen eta beste %8 bideo-jokoak), "trafiko nagusi horretan euskarak ez du tokirik".

Euskararen bizitasun digital ona adierazteko erabilitako datu horietako batzuk hobeak dira gaur egun; adibidez, Euskarazko Wikipediaren kasuan, 350.000 artikuluen langa gainditua dago eta gaur egun 29. tokian kokatzen da munduko zerrendan.

"Euskarak badu eskaintza sarean, badago edukia eta badaude tresnak, baina ez dira nahikoa, ingurune digitala etengabe berritzen eta sortzen baita. Datuek erakusten digute eskaintza mugatua dela, eta hain aldakorra den ingurune digitalean ezinbestean areagotu behar dugula euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu", dio adierazpenak.

KONTSUMO OHITURAK

Hala ere, PuntuEUSen arabera, "ez du ezertarako balio euskarazko edukiak argitaratzea euskaraz kontsumitzeko ohiturak indartzen ez badira". Esaterako, webgune askok erabiltzaileak bere nabigatzailean
ezarritako nabigazio hizkuntzan erakusten dute edukia, baina Euskal Herriko erabiltzaileen %3-%5ek dauka nabigazio hizkuntza moduan euskara lehenetsita.

"Ondorioz, euskararen bizitasun digitala ispiluaren aurrean jartzen dugunean, eskaintza eta eskaria aurrez aurre talka egiten ikus ditzakegu: euskarak badu eskaintza sarean, badago edukia eta badaude tresnak, baina ez dira nahikoa, ingurune digitala etengabe berritzen eta sortzen baita. Datuek erakusten digute eskaintza mugatua dela, eta hain aldakorra den ingurune digitalean ezinbestean areagotu behar dugula euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu", dio PuntuEUSek.

Horrela, erabiltzaileek hizkuntza nagusien alde egiten dutela kontuan izanik, "dugun eskaintza gehiegi ere izan daitekeela ondoriozta daiteke". "Honek kontraesana dirudi, baina euskararen bizitasun digitala ez da eskaintzara mugatzen, erabilerarik gabeko eskaintzak ez baitu etorkizunik. Erabiltzaileak trebatu eta motibatu behar ditugu, gure komunitate digitala indartu eta ingurune digitala euskaraz kontsumitu eta sortzera bultzatu", dio.