Euskararen irakaskuntza nazioartean hizpide duen ikastaroa antolatu du Etxepare Institutuak EHUren Uda Ikastaroetan

Archivo - Iazko ikastaroko parte hartzaileak
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA - Archivo
Actualizado: martes, 5 julio 2022 12:48

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

Etxepare Euskal Institutuak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Uda Ikastaroen baitan antolatu duen Bikaintasuna Euskal Ikasketetan 12. ikastaroak euskararen nazioarteko irakaskuntzaren iraganari eta etorkizuneko erronkei helduko die uztailaren 11n eta 12an Donostiako Miramar jauregian.

Egungo irakurle edo Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakasleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotzea du helburu ikastaroak, eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituak bilduko ditu. Era berean, aukera izango da irakurle izatea pentsatzen duen edonorentzat, Etxepare Institutuak urtero ateratzen baititu horretarako deialdiak.

Etxepare Euskal Institutuak gogorarazi duenez, euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza sustatzen du nazioarteko hainbat unibertsitatetan euskal ikasketei ospea emateko helburuarekin. Gaur egun, Euskal Herritik kanpoko 35 unibertsitatek osatzen dute sare hori eta 29 pertsona dira horietan euskara eta euskal kultura irakasten dutenak. Sare hori indartzeko ezinbestekoa da irakurleek trebakuntza egokia jasotzea.

Bada, ikastaroaren 12. edizioak, 'Egon eta egin, sustraiak sendotuz aurrera begira' izenburupean, "hiru norabidetara begira ipintzeko asmoa du, atzera, aurrera eta alboetara", eta hizlariek hiru arlo horietatik egingo dute beren ekarpena.

Lehenik, Etxepare Euskal Institutuko irakurle izan ostean beren ibilbide akademiko eta profesionala jarraitu dutenek orain arte pilatu duten esperientziatik atzera begirakoa egingo dute, eta euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko irakaskuntzan orain arte egin denaz hausnartuko.

Bigarrenik, egun irakurle direnek beren ikuspuntutik azterketa eta iradokizunak luzatuko dituzte, eta hirugarrenik, zeharkako ezagutza eremuetan adituak diren hizlari gonbidatuek euren ekarpenak egingo dituzte.

HAMAR HIZLARI

Hamar hizlari gonbidatu izango dira: Aritz Galarraga Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle eta irakurle ohia, Lourdes Miquel Bartzelonako Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakaslea, Maite Goñi eraldaketa digitalean aditua, Eskarne Lopetegi HABEko teknikaria, Amaia Gabantxo irakurle izandakoa Chicagoko Unibertsitatean, Joseba Sarrionandia idazle eta Habanako Unibertsitatean irakurle izandakoa, Xabi Paya Birminghameko eta UPPA unibertsitateetan irakurle izandakoa, Karlos Cid Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea, Gorka Mercero Liverpooleko Unibertsitateko irakaslea eta Araitz Claramunt euskara eta euskal kultura irakurlea Helsinkiko Unibertsitatean. Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara eta Euskal Ikasketen alorreko zuzendariak ere hartuko du parte.

Ikastaroa Donostiako Miramar jauregian egingo da eta bi modutan eskainiko da: aurrez aurre eta sarean zuzenean. Amaitzean ziurtagiri bat emango zaio parte hartu duen orori. Matrikula egiteko epea zabalik dago uztailaren 10era arte eta 80 euro prezioa du.

Bestalde, ikastaroa amaitu eta hurrengo egunean, uztailaren 13an, Etxepare Euskal Institutuaren Unibertsitate Sareko V. Irakurleen Topaketa egingo da Donostiako Tabakaleran, urtearen balorazioa egin, datorren ikasturtean zehar egingo den lana antolatu eta irakurleen sarea ehuntzeko asmoz. Orotara sareko 25 irakurlek partekatuko dituzte esperientziak eta baliabideak hitzaldi eta talde dinamikaz osaturiko egitarauan. Halaber, Paul Urkijo zinemagilearekin solasean aritzeko aukera izango dute.