Euskararen Legearen 40 urteei buruzko mintegia antolatu dute Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak

'Euskararen Legeak 40 Urte' Mintegia.
SABINO ARANA FUNDAZIOA
Actualizado: miércoles, 7 diciembre 2022 10:30

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak mintegi bat antolatu dute 'Euskararen Legeak 40 urte' izenburupean, euskal kulturgintza, erakunde publiko eta unibertsitate arloetako ordezkarien eskutik Euskararen Legeak ekarri duena, erdietsi dituen aurrerapenak eta etorkizunerako dituen erronkak aztertzeko helburuarekin.

Jardunaldia abenduaren 15ean egingo da, 09:00etatik 13:00etara, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon, eta, besteka beste, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hartuko du parte.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azaroaren 24an 40 urte bete ziren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu zenetik. "Lege hori funtsezkoa izan da euskal hizkuntzari bidea irekitzeko eta aukera berriak eskaintzeko, bai eremu publikoan, bai pribatuan", nabarmendu dute.

Jardunaldiaren helburua legearen ekarpenei eta zabaldutako bideei buruzko hausnarketa egitea da, bai eta euskarak euskal lurraldeetan egun daukan egoerari heltzea ere, lurraldeotan euskara ofiziala, erdiofiziala edo ofizialtasunik gabekoa delarik.

Horretarako, Zupiriaz gain, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak parte hartuko dute jardunaldiaren hasiera ekitaldian. Ondoren, Juanjo Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak Euskararen Legea azalduko du Europaren ikuspuntua jorratuta.

Elixabete Piñol abokatu eta euskaltzain urgazleak 'Euskararen Legea eta erabilera juridikorako guneak irekitzea' gaiari buruz hitz egingo du, eta Gotzon Lobera zinpeko itzultzaile eta euskaltzain urgazleak euskararen corpusean izandako aurrerakuntzez jardungo du.

Bestalde, Eba Gaminde Zuzenbideko doktore, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta euskaltzain urgazlea kontsumitzaile euskaldunen egungo egoerari buruz arituko da, eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak Euskararen Legea eta euskarak Nafarroan egun bizi duen egoera aztertuko ditu.

Azkenik, Eneritz Zabaleta Zuzenbideko doktore eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasleak Ipar Euskal Herriari buruzko egoeraz hitz egingo du. Sagrario Aleman Sustapen Batzordeko buru eta euskaltzain osoak eta Mireia Zaratek emango diote amaiera ekitaldiari eta jardunaldian ateratako ondorioetako batzuk laburbilduko dituzte.