Actualizado 24/11/2021 17:13 CET

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko 120 ekitaldi baino gehiago antolatu dira Donostian

'Euskarak 365 Egun' Leloa
DONOSTIAKO UDALA

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauak antolatu dituzte Donostiako 15 auzotan, eta asteazken honetatik abenduaren 5era bitarte 120 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira hiri osoan barrena.

Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Egian, Grosen, Ibaetan, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean egitaraua antolatzera animatu direla esan du Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak.

"Auzo horietan batzordeak sortu dituzte egitaraua prestatu eta aurrera eramateko. Guztira, 65 bat eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta kopuru garrantzitsua da oso", nabarmendu du.

Jarduera horiek guztiak ezagutzera emateko auzo bakoitzeko egitarauarekin eskuorriak eta kartelak argitaratu eta banatzeaz gain, informazioa eskuragarri egongo da www.donostiaeuskaraz.eus webgunean.

Horrela, ekitaldi sorta zabala eta anitza prestatu da egunotarako, hala nola kultur ekintzak (antzerkiak, liburu irakurketak, kantu birak, bertso saioak, zinema emanaldiak, kontzertuak), erabilera sustatzeko egitasmoak (mintzalaguna, mintzodromoak, mahai jokoak euskaraz), haurrentzako jarduerak edota familian egitekoak (pailazoak, bisita gidatuak eta abar).

Ekintza horietatik guztietatik zenbait nabarmendu ditu Euskarako eta Kultura zinegotziak: "Intxaurrondon, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'Kuikui' ikuskizuna; Andoni Ollokiegiren kontzertua Ibaetan; San Telmoko 'Euskal Sustraiko jende izenak...' erakusketaren harira antolatuko diren hitzaldiak; Antigua, Martutene, Loiola edota Parte Zaharrean egingo diren bertso saioak".

HELDUAK

Bestalde, euskararen erabilerarekin lotuta, haurrekin harreman zuzena duten helduen hizkuntza praktiketan eragin eta euskara gehiago erabiltzeko egitasmoa martxan da Donostian abenduaren 5a arte. Ekimenaren helburua da haurrekin maiz egoten diren helduen hizkuntza praktiketan eragitea (guraso, hezitzaile, zaintzaile eta abar).

Insaustiren esanetan, "sarritan haur eta gazteen hizkuntza portaerak ditugu jomugan, baina ez gara konturatzen euskara dakigun helduon hizkuntza ohiturak ez direla batere eredugarriak. Horri erreparatu nahi diogu ekimen honen bitartez".

Egitasmoa hirian aurrera eramateko elkarlanean aritu dira Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Udaleko Euskara Zerbitzua. Donostian ez ezik, beste 80 bat hiri eta herritan ere martxan jarri da.

Contador