Euskararen sustapenean lankidetzan jarraituko dute Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak

Ana Ollo, Antton Curutcharry eta Bingen Zupiria
IREKIA
Actualizado: viernes, 22 octubre 2021 13:30

Hiru erakundeek 2021-2025 epealdirako lankidetza protokoloa berritu dute

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak euskararen sustapenean elkarlanean jarraitzeko hiru erakundeen arteko 2021-2025 epealdirako lankidetza protokoloa berritu dute ostiral honetan, Baionan.

Hiru erakundeek Iruñean sinatu zuten 2017ko uztailaren 3an lehenengo lankidetza hitzarmena, eta balorazio positiboa eginda eta alde guztiek elkarlanean jarraitzeko erakutsi duten interesa kontuan hartuta, berriro sinatzea adostu dute.

Ostiral honetan berretsitako hitzarmena elkarlanetik eta hiru erakundeek elkarri dioten errespetutik eta lurralde errealitate politiko eta soziolinguistikotik egin dela adierazi dute aldeek, beti ere, legeek lurralde bakoitzari ematen dizkioten eskumenen esparruan.

Hitzarmenak euskararen sustapenean lankidetza bultzatzeko helburua du, eta, besteak beste, hezkuntza, helduen euskalduntzea, euskararen erabilera, ikerketak edota euskarari buruzko gogoeta zehazten ditu.

Horrela, euskarazko irakaskuntza garatzeko lankidetzaren alde egin beharra ikusi dute hitzarmenaren hiru sinatzaileek, eta ikasleen mugikortasuna eta goi mailako ikasketak beste lurralde batean egin nahi dituzten ikasleentzat unibertsitateko edo eskoletako sarbide aukerak eta moduak aztertuko dira horretarako.

Gainera, helduen euskalduntzean egiten diren politiketan ere lankidetza bultzatu nahi dute, eta elkarlanean arituko dira euskararen gaitasun maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko probak eta sistemak diseinatzerakoan.

Aisialdian, kirolean, ingurune digitalean, arlo sozioekonomikoan eta hedabideetan euskararen erabilpena sustatu beharra eta horretarako bideak ere zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sinatu duten hitzarmenak, eta eremu horietan dauden euskarazko baliabideak eta esperientziak aztertu eta partekatuko dituzte.

Euskarari buruzko gogoetan, sustapenean eta prestakuntzan ere indarrak batuta aritzeko nahia biltzen du hitzarmenak. Horretarako, hiru aldeek elkarrekin zein bakoitzak bere aldetik eratzen dituzten programa eta foroetan parte hartu ahal izango dute.

Ikerketa soziolinguistikoaren arloan, datuen bilketa elkarlanean egitea zehaztu du hitzarmenak, beti ere euskararen eremu osorako bateragarriak eta aldi berean lurralde bakoitzeko hizkuntza politikak egituratzeko baliagarriak izateko. Informazio hori guztia elkarri trukatzea ere adostu dute.

Gainera, hiru erakundeak lankidetzan arituko dira, aukeren arabera, euskararen sustapena helburutzat duten proiektuak europar finantzaketetan aurkezten jarraitzeko.

AUKERAk ETA ERRITMOAK

Hitzarmena sinatu ondoren Bingen Zupiriak adierazi duenez, hitzarmenaren lehen lau urteotan ikusi da "zeinen garrantzitsua den bakoitzaren aukera eta erritmoak errespetatuz lan egitea". "Guztiok ez ditugu aukera eta baliabide berak, baina sare beretan, helburu berari eta egiteko modu partekatuak bilatuz lortu dugu euskararen lurraldeen arteko lankidetza sendotzea", esan du.

Gaineratu duenez, beste lau urterako hitzarmena berritzeak esan nahi du "azken lau urte hauetan egindako bideari atzera begiratzea. Egindakoaz jabetuz, aurrera zein urrats eman nahi ditugun elkarrekin pentsatu eta adostea, eta lehen esandako horretatik, urrats horiek nola eman nahi ditugun ere adostea. Lidertza partekatua nahi dugu; uste dugu horrela egin ahal izango dugula aurrera bakoitzaren lurraldetik eta bat egiten dugun euskararen lurralde horretara begira".

Bestalde, Antton Curutcharryk lankidetzaren "izaera estrategikoa" azpimarratu: "Hizkuntza politikan bakoitzak daukan esperientzia, jakitatea eta informazioa partekatzea eta trukatzea garrantzitsua da, baita lankidetza teknikoen bideratzea hizkuntza politikarentzat estrategikoak diren gai batzuentzat, hedabide edo aisialdian adibidez".

Adierazi duenez, "azken hilabeteetan bizi izan dugun krisi sanitarioak erakutsi digu euskararen erabilpena zein hauskorra den eta egoera horretan inoiz baino beharrezkoagoa da indarrak batzea".

Azkenik, Ana Ollok Euskararen Adierazle Sistema (EAS) nabarmendu du, eta "ezinbesteko tresnatzat" jo du hizkuntza politika publikoa egoki kudeatzeko. Era berean, bere iritziz, informazio iturri interesgarria da herritarrentzat, eta bereziki sektore espezializatuentzat, hala nola ikertzaileentzat edo euskara teknikarientzat.

2025era bitartean egongo da indarrean sinatutako Hiruko Ituna eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutua, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskararen Erakunde Publikoa izango dira bere kudeaketaz arduratuko direnak. Horretarako hiru aldeek adostutako batzorde misto bat eratuko dute; batzordea gutxienez urtean behin bilduko da hitzarmenaren jarraipena egiteko.