Euskarari eta immigrazioari buruzko gogoeta egiteko mintegia ostegunean, Bilbon

Aurreko mintegi bat Sabino Arana Fundazioan.
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Actualizado: miércoles, 11 diciembre 2019 11:51

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak 'Immigrazioa eta euskara: ikuspegi berri baten beharraz' izenburuko mintegia antolatu dute elkarlanean. Euskarari eta immigrazioari buruzko gogoeta egiteko balioko du hitzorduak, eta ostegunean izango da, abenduaren 12an, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon.

Antolatzaileen hitzetan, euskara biziberritzeko prozesuak aurrera jarraitzen du gizartearen esparru guztietan, bateko edo besteko abiadan; bestalde, jakina denez, beste herrialde batzuetatik etorritako milaka pertsona txertatu dira euskal gizartean azken urteotan eta horrek aldaketak eragin ditu hizkuntzen bizikidetza esparruan.

Ingurumari horretan, euskararen ikuspegitik, etorkinak euskarara hurbiltzen jakin izan dugun eta, etorkinen ikuspegitik, gurera heltzean euskarak zertarako balio izan dien erantzuten saiatuko dira mintegian, besteak beste. "Hizkuntzen arteko bizikidetzari eta, batik bat, euskarari eragiten dioten alderdiez gogoeta egin eta esperientziak partekatzeko topalketa izango da, azaldu dute.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioko lehendakariak jardunaldia hasi ostean, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiken sailburuordeak lehen hitzaldia eskaini eta 'Migrazioari eta euskarari buruzko gizarte akordioa' delakoari buruzko zenbait alderdi azalduko ditu. Mintegiko koordinatzaile eta Euskaltzaindiko idazkariorde eta euskaltzain urgazle Erramun Osak hizlaria aurkeztu eta hitzaldiaren osteko galderen txanda moderatuko du.

Geroago, Beatriz Otero EHUko irakasle eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko ikertzaileak eta Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakasleak 'Immigrazioa Euskadin, gaur eta hamar urteren buruan' gaia jorratuko dute. Gotzon Lobera zinpeko itzultzaile, euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kideak aurkezle eta moderatzaile jardungo du.

Halaber, Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko kideak 'Gipuzkoako hizkuntzen mapa eta etorkizuneko erronkak' hitzaldia eskainiko du, eta Iñaki Martínez de Luna euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidea arituko da moderatzaile. Bestalde, immigrazioak euskarari eskaintzen dizkion aukerez eta euskarak immigrazioari eskaintzen dizkionez jardungo du Xabier Aierdi soziologoak, eta Jon Aizpurua euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidea arituko da moderatzaile hitzaldiaren osteko eztabaida saioan.

IMMIGRANTEEN GIZARTERATZEA

Geroago, 'Immigranteen gizarteratze prozesuaren ezaugarriak, hizkuntzaren aldetik. Nola eta zein baldintzetan euskaldunduko dira immigranteak?' izenburuk ildoan, Ane Urizar (Mondragon Unibertsitatea), Biotza Piko eta Itziar Lafuente (Gasteizko Berritzegunea) eta Mario Zapata (Topaguneko teknikaria) hizlariek parte hartuko dute. Amaia Jauregizar Euskaltzaindiko Euskal Herriko Hizkeren Atlasa egitasmoaren teknikaria izango da aurkezlea eta moderatzailea.

Jardunaldiaren amaieran, Julen Aranguren Zarauzko Udaleko Immigrazio eta Kultura Aniztasuneko teknikariak eta Gorka Moreno EHUko irakasle eta Ikuspegiko ikertzaileak hitzaldi bana eskainiko dute. Manu Gañan Euskaltzaindiko Idazkaritzako tenikaria arituko da aurkezle eta moderatzaile lanean.

Aurreko guztiez gain, 50 bat hezkuntza eragile, soziolinguista, unibertsitateko irakasle eta euskal kultura zein hizkuntzari lotutako hainbat esparrutako ordezkariek parte hartuko dute Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolaturiko mintegian.