Euskaraz jolasean aritzeko 'Parketarrak' ekimena Donostiako 15 auzotan egingo da ostiralean hasita

'Parketarrak' Ekimena.
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: martes, 23 febrero 2021 11:11

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, 'Parketarrak' egitasmoa hiriko 15 auzotan antolatuko da 2021ean. Covid-19a dela eta, segurtasun eta prebentzio neurriak hartuko dira haurren, familien eta hezitzaileen osasuna arriskuan ez jartzeko, eta lehen saioak ostiralean izango dira, otsailaren 26an, Ibaeta, Bidebieta, Aiete, Gros eta Saguesen.

'Parketarrak' ekimenaren helburu nagusia da haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea. Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmoa bi programatan banatuta dago: 'Zabu-zibu', 3-5 urteko haurrentzat eta beren familientzat, eta 'Txirrintxon', 6-9 urteko haurrentzat. Negu honetako saioak martxoaren 18ra bitarte egingo dira eta Donostiako plaza eta parkeetan jolasak antolatuko dira doan.

Donostiako Udaletik jakitera eman dutenez, pandemia dela eta, 2020an zailtasun ugari izan ziren 'Parketarrak' egiteko. Hala ere, egitasmoak harrera ona izan zuen: 'Zabu-Zibu' programan 527 bat haurrek eta 165 gurasok parte hartu zuten; eta 'Txirrintxon' programan, 658 haurrek. Guztira, 171 saio antolatu ziren 2020an.

Egitasmoaren arrakasta ikusita, beste auzo batera zabaldu da aurten ekimena, Txomin-Eneara, eta honekin, guztira, 15 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin-enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans eta Ibaeta.

Donostiako auzo gehienetan Euskara Batzordeak sortuta daude eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da, eta horretarako 'Parketarrak' ekimena "oso eraginkorra" dela ikusi dute Udal Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

Modu honetan, 2021. urtean, hiru txanda edo ekinalditan banatuta, aipatutako Donostiako 15 auzoetan burutuko ekimena: neguan, udaberrian eta udazkenean.

JOLASAK LAGUNGARRI

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziaren hitzetan, ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea da: "Jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik". "Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da", gaineratu du.

Insaustiren iritziz, "giltzarri da" haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelaniara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko.

"Haurrek eta gazteek, sarritan, eskolan edota familian bakarrik erabiltzen dute euskara. Kalean, berriz, aisialdian, gauzak aldatu egiten dira eta lagunartean komunikatzeko garaian, euskara askoz ere gutxiago erabiltzen dute eta sarritan nahikoa txikitatik hasten da prozesu hori. Joera hori aldatzeko 'Parketarrak' ekimena lagungarria da oso", adierazi du.