Euskaraz sorturiko testu juridiko esanguratsuen erakusketa ibiltariak Eusko Legebiltzarrean ekin dio bideari

'Hitzak Lege' Erakusketa Eusko Legebiltzarrean
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 27 mayo 2022 13:09

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak, Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak eta Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiek 'Hitzak Lege' antolatu dute elkarlanean, euskaraz sorturiko testu juridiko esanguratsuak biltzen dituen erakusketa ibiltaria. Erakusketa Eusko Legebiltzarrean estreinatu da ostiral honetan, Gasteizen, eta urriaren 30era arte egongo da ikusgai. Ondoren, Nafarroako Parlamentuaren egoitzak hartuko du 'Hitzak Lege', azarotik 2023ko urtarrilera bitarte.

Erakusketaren sustatzaileek Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egindako aurkezpen ekitaldian aste honetan azaldu zutenez, irudi eta grafikoen bitartez, garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak erakutsiko dira, izan arlo pribatukoak izan publikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ganbera legegileek (Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiek), Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak eta Akitania Berriko eskualdeak gordetzen dituzten euskarazko testu juridiko esanguratsuak modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan erakustea da erakusketaren xede nagusia.

Horretarako, 25 panel fisiko jarriko dira dokumentuen informazioarekin, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak, eta testu parajuridikoak. Horrez gain, hiru panel elkarreragile izango dira, hiru panel argiztatu eta bi bitrina (dokumentu originalak erakusteko). Edonola ere, erakusketak lekuan lekuko egitura izango du, egokitutako espazioetara moldatuko dela.

Honela, irudi eta grafikoen bitartez, garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak erakutsiko dira, baita edukiaren aldetik (hizkuntzaren edota herritarren bizimodua eta erakundeen ibilbidea baldintzatzearen ikuspegitik) pisua edo garrantzia izan duten testuak ere. Horrez gain, zailtasuna duten herritarrek testu esanguratsuen pasarteak entzuteko aukera izango dute.