6 de Apirila de 2020
 
Actualizado 2014/1/14 15:38:56 +00:00 CET

Jaurlaritzak 150.000 euro emango dizkio Pasaiako Udalari, suteak kaltetu zituenei laguntzeko

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak 150.000 euroko ekarpena egingo du, Pasaian (Gipuzkoa) urtarrilaren 1eko goizaldean izan zen suteak kaltetu zituen 42 familien premiazko beharrak betetzeko. Gobernu Kontseiluaren bileran onartu da ekarpena egitea, astearte honetan, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, egoera larriari aurre egiteko.

   Gizarte Larrialdietarako Laguntzak erregulatzen dituen araudiak ez du halakorik barne hartzen, baina Administrazioak "nolabaiteko erantzuna" eman behar duela adierazi du Aburtok.

   Joan den apirilaren 11n Bermeoko alde zaharreko zenbait eraikin suntsitu zuen sutearen ondoriozko diru laguntza bezala, Pasaiara bideratuko den laguntzaren helburua premia biziko produktuak erostea izango da, adibidez, arropa, etxeetako ohiko objektuak eta tresnak, maletak eta etxetresna elektriko txikiak. Pasaiako Euskadi etorbideko 5 zenbakian piztu zen sutearen ondorioz kaltetutako pertsonek jasoko dituzte produktuok, beren bizitza berregin arte izan ditzaketen premiarik oinarrizkoenak estaltzeko.

   Zenbatekoa Pasaiako Udalari emango zaio, familien artean banatzeko, bakoitzaren premien arabera. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Pasaiako Udalak batzorde misto bat osatu dute diru laguntzen kudeaketa ikuskatzeko.

   Astearte honetan onartu den larrialdiko neurriaz gain, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustapen publikoko higiezinen parkeko zenbait etxebizitza kaltetuen eskura jartzea ere erabaki zuen. Pasaiako gizarte zerbitzuek familien egoera aztertu ondoren, horietako 26k beste etxebizitza bat beharko dutela egiaztatu dute. Horrenbestez, guztiak Donostiako Morlans auzoko sustapen batera joan ahalko dira, Eusko Jaurlaritza Pasaian eraikitzen ari den 62 etxebizitzen obrak eta bizigarritasun izapideak amaitu arte. Sustapena amaituta dagoenean, familiak Pasaiara lekualdatu ahalko dira.

   Bestalde, Visesa sozietate publikoaren zerbitzu teknikoak Pasaiako Udalarekin harremanetan daude, enpresa publikoa lanez ardura dadin, suteak kaltetu zituen eraikinetako bat eraitsi eta haren lekuan beste bat eraiki behar izanez gero.