Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen defendatzaileentzako babeserako programan sartzeko deialdia ireki du

Actualizado 2015/01/16 14:19:19 CET

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen defendatzaileentzako aldi baterako babeserako Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako programarako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du. Euskal erakundeak, elkarteak eta GKEak martxoaren 15era arteko epea izango dute programara hautagaitzen inprimakiak aurkezteko. Inprimaki horiek CEAR-Euskadira (programa.proteccion@cear.es) bidaliko dira, elkarte hori baita programaren kudeatzailearen arduraduna.

   Programaren helburua da giza eskubideen defentsan duten konpromiso eta aktibismoaren ondorioz beren jaioterrian jazarpena edo bizitzaren aurkako mehatxuak jasotzen dituzten pertsonak Euskadin aldi baterako babesa jasotzea, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

   Eskaerak jaso ondoren, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak hautaketa batzordea bilduko du eta hori izango da sei hilabetetan Euskadin babesa jasoko duten hiru pertsona horiek zeintzuk izango diren erabakiko duena. Halaber, Harrera Sarea sortuko da eta hori izango da jatorriko erakundeekin egingo den koordinazio lanen arduraduna.

   Jaurlaritzaren programa honetan iaz hiru aktibista sartu ziren: Guatemalako Jorge López, OASIS taldeko burua -lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kolektiboaren babesaren aldeko erakundea-, horren ondorioz jaioterrian jazarpenak eta erasoak jaso zituena; Luz Marina Palacios, Kolonbiako Valle del Caucakoa, nekazarien taldeei eta afroen ondorengoei laguntzeko egindako lanagatik mehatxuak jaso dituena; eta Yolima Bedoya, Kolonbiako Medellín hirikoa, ahultasun larrian dauden landa komunitateen aldeko aktibismoagatik jazarpenak jaso dituena.