Eusko Jaurlaritzak Islandia bisitatu du, genero ikuspegia duten aurrekontuetan sakontzeko

Eusko Jaurlaritzak Islandia bisitatu du, genero ikuspegia duten aurrekontuetan s
IREKIA
Actualizado: jueves, 21 marzo 2019 14:32

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua Bjarni Benediktsson Islandiako Ekonomia eta Finantza ministroarekin elkartu da ostegun honetan, genero ikuspegia izango duen aurrekontu prozesua lantzeko formula elkarren artean aztertzeko.

Azpiazurekin batera, Itziar Agirre Ogasun sailburuordea, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordeak, Yurdana Burgoa gabinete zuzendariak eta Hernando Lacalle Aurrekontu zuzendaria ere daude Islandian.

Lehenengo bileraren ondoren, euskal ordezkaritzak bilerak izan ditu Willum Pór Pórsson Islandiako Parlamentuko Aurrekontu Batzordeko presidentearekin eta Reykjavik hiriburuko Aurrekontu zuzendariarekin eta bere taldearekin, izaera teknikoagoa izan duen topaketan. Nazioarte mailan berdintasunaren arloan erreferentziazkoa den herrialdeetako baten erakundeetan erabiltzen den metodologia bertatik bertara ezagutu ahal izatea izan da bileren helburua.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, genero ikuspegia duen aurrekontua, "aurrekontu prozesuaren testuinguru orokorrean generoari buruzko ikuspegi argia sartzea" dela dio OCDE erakundeak, "prozesu berrien eta tresna analitikoen bitartez, generoan zentratutako politikak sustatzeko xedez".

Genero ikuspegia duten aurrekontuen jardunbideak ezartzeko baliabideek, gehienetan aurrekontuetara mugatzen ez diren forma desberdinak har ditzakete. Helburua ez da bakarrik genero berdintasuna lortzera zuzendutako ekimen zehatzak finantzatzea; zerga politikak eta aurrekontuei buruzko erabakiak eta horiek genero berdintasunean duten eragina aztertu behar dira.

Eusko Jaurlaritzak Islandia aukeratzeko izan duen arrazoia da 144 herrialde sailkatzen dituen Munduko Foro Ekonomikoko Genero Arrakalaren Indize Orokorrean herrialde horrek lehenengo lekua betetzen duela. Islandia 2009an hasi zen aurrekontuak genero ikuspegiarekin lantzen, eta ordutik konpromiso sendoa dute aurrekontuak ikuspegi horretatik aztertzearekin.

Halaber, Islandiako Gobernuak administrazioan berdintasuna bultzatzeko tresna espezifikoa sortu du, eta duen ibilbidea eta lortu dituen emaitzak kontuan izanda, mundu mailako erreferentzia da alor horretan.

Izan ere, lantaldean 25 pertsona baino gehiago dituzten enpresa publikoetan eta pribatuetan emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala debekatu duen lehen herrialdea da (2018), zehapenak ezarriz eta enpresei soldata berdintasun ziurtagiria eskatuz.

NEURRIAK EUSKADIN

Eusko Jaurlaritzak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana onetsi zuen. Plan horren bitartez, egunero, bere eskumenen barruan, berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du. Horrez gain, berdintasunaren aldeko politikekin duen konpromisoari eusten dio, eta eskubideak bermatzeko eta jasangarriagoa eta berdintsuagoa izango den gizarte eredua lortzeko ahalegina egiten du.

Ildo berean, Euskadin Soldata Arrakala murrizteko Estrategia eta Ekintzako Plan Operatiboa onetsi zuen. Planaren helburua da 2030erako Euskadi soldata arrakala txikiena duten Europako bost herrialdeen artean egotea.

Ogasun eta Ekonomia Sailetik uste dute "oso ekarpen garrantzitsua" egin daitekeela berdintasunerako bide horretan, berdintasun alorrean planteatutako politika publiko guztietan jasotzen diren neurriak ukigarri eta erreal bilakatuz.

Eusko Jaurlaritzak hamar urte baino gehiago daramatza aurrekontu prozesua genero ikuspegiarekin lantzen, politika publikoen eraldaketa bultzatzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren lorpenaren helburu nagusia zeharka barnera dezaten.