Eusko Legebiltzarreko presidenteak Euskaltzaindia hartuko du urtarrilaren 22an

Actualizado 2013/01/18 14:18:01 CET

BILBO, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak Euskaltzaindiko Zuzendaritza hartuko du Eusko Legebiltzarrean, urtarrilaren 22an, eguerdiko 12:00etan. Tejeria Euskadiko erakunde nagusiekin egiten ari den bileren inguruabarrean egingo da bi erakundeen arteko bilera, Akademiak jakinarazi duenez.

Euskaltzaindiak gogoratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 6. artikuluak, euskara Euskal Herriko hizkuntza ofiziala dela aitortzen du. Era berean, Estatutuaren 6.4. xedapenak, euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia erakunde aholku-emailea dela ere ezartzen du. Horiek horrela, bi erakundeek, lehenagotik zetorren lankidetzari jarraipena emanez, haien arteko hitzarmena berritu zuten 2011ko maiatzaren 4an.

Hitzarmen honen altzoan, Bernat Etxepareren "Linguae Vasconum Primitiae" liburuaren berrargitalpena aurkeztu zuten 2011. urteko abenduaren 2an, hizkuntza desberdinetan. Era berean, Eusko Legebiltzarreko teknikarien hizkuntza prestakuntzarako zenbait ekimen ere garatu dituzte lankidetzan.

Bisita aprobetxatuz, Euskaltzaindiko Zuzendaritzak ere ohiko bilkura egingo du Eusko Legebiltzarrean bertan, urtarrilaren 22an, goizeko 10:00etan hasita.