Euskotrenek tren zerbitzua indartuko du igandean, Zarauzko Kilometroak dela eta

- EUSKOTREN - Archivo

Actualizado: jueves, 3 octubre 2019 11:30

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Euskotren enpresa publikoak tren zerbitzu berezia eskainiko du igandean, urriaren 6an, Zarautzen ospatuko den Kilometroak 2019 Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia dela eta, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Goizean, Kilometroak jaira joateko tren bereziak egongo dira San Pelaioko geralekura (Zarautz), Irundik (30 minutuan behin) eta Altzatik (orduan behin). Tren horiek ohiko geltoki guztietan geratuko dira, baina ez da Amaran tren aldaketarik egin beharko. Gainera, Eibartik Zarautzera doan zerbitzua indartuko da, goizean, Zarautzera joateko, eta arratsaldean, itzultzeko; ohiko eskaintza bikoiztu egingo da.

Jaitik itzultzeko, Amara/Irunerantz joan nahi dutenek San Pelaioko geralekutik aterako diren tren bereziak hartu beharko dituzte (tren aldaketarik gabe); Eibar/Bilborantz joan nahi dutenek Zarauzko geltokia erabili beharko dute. Horrela, sarrerak eta irteerak erraztu nahi dira, eta jendea tren ezberdinetan banatu. Hain zuzen, helburu horrekin, Euskotrenek gomendatu du Mugi, Barik eta Bat txartelak erabiltzea.

Tren bereziak E1 eta E2 lineatako igandeko ohiko zerbitzuaren osagarriak izango dira. Dena den, egun osoan zehar, E1 lineako trenak (Amara-Matiko) bederatzi minutuko aurrerapenarekin ibiliko dira Amara eta Zarautz artean.

Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek Euskotrenen 944 333 333 telefono zenbakia erabil dezakete; geltokietan eta geralekuetan Euskotrenen langileei ere galde diezaiekete, eta www.euskotren.eus webgunean, @euskotrenEJGV Twitter kontuan eta app ofizialean ere jaso dezakete informazioa.