Actualizado 03/05/2021 13:51 CET

Euspot euskarazko iragarkien hamargarren lehiaketara lanak aurkezteko epea maiatzaren 12an bukatuko da

Euspot lehiaketaren 2021eko edizioa.
EUSPOT

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Euspot euskarazko iragarkien lehiaketaren hamargarren edizioa izango da aurten, eta landu beharreko gaia 'Nekazaritzatik bizi nahi dugu!'. Iragarkiak gazteak animatu beharko ditu familia nekazaritzatik bizitzera, hau da, gazteak eta horien artean batez ere emakumeak landa eremura gerturatzea izan behar da lanaren helburua. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 12an itxiko da.

Hazi Fundazioa, Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea, Arizmendi Ikastola, Bai Euskarari eta Music Library dira lehiaketaren antolatzaileak eta babesleak, eta guztira 2.800 euro banatuko dira sei saritan.

"Spot baten bitartez herritarrak kontzientziatu nahi ditugu bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizarte jasangarritasunari ematen dion guztia balioan jartzeko eta lehen sektorea indartzeko", adierazi dute antolatzaileek.

Lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez. Aurtengo berrikuntza izango da formatu librean izango dela, hau da, iragarkia edozein formatutan grabatu ahal izango dela: horizontalean edo bertikalean.

Sei sari banatuko dira. Sari nagusiak lau izango dira: Iragarkirik onena (1.000 euro), Publikoaren saria (500 euro), Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro) eta Gazteen saria (14-18 urte, 250 euro). Bi sari gehigarri ere banatuko dira: Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onena (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen lanik onena (250 euro).

Parte hartzaileek maiatzaren 12ra bitarte izango dute aukera euren iragarkiak egin eta aurkezteko, eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 27an egingo da.

Gainera, aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko sareko formakuntza eskainiko du iragarki egileen harrobia indartzeko asmoz. Julen Urtxegik emango du prestakuntza; Euspot 2020ko irabazlea eta ikus-entzunezko sormenean aditua da Urtxegi. Formakuntza saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

Euspot "ondo errotutako" lehiaketa dela nabarmendu dute antolatzaileek. Horrela, orain arteko edizio guztietan 400 iragarki inguru jaso dira. Iazko lehiaketa oso berezia izan zen, konfinamendu eta alarma egoera bete-betean egin zelako. Halere, "egoera oso berezia izan arren, izugarria izan zen jasotako lan kopuru handia".

Contador