Euspot Euskarazko Iragarkien 8. Lehiaketa abian da, "Jarduera fisikoaren onurak" lelopean

Euspot 2019 aurkeztu dute
EUSPOT
Actualizado: miércoles, 23 enero 2019 16:44

   DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

   Euspot Euskarazko Iragarkien Lehiaketa zortzigarren ediziora iritsi da, eta aurtengo leloa "Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!" da, jarduera fisikoaren inguruan hausnarketa egiteko helburuarekin. Lehiaketa irekia da eta edozeinek parte har dezake, eta maiatzaren 15era arte aurkez daitezke lanak. Lehiaketak 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoriatan.

   Donostian egindako aurkezpen ekitaldian izan dira ekimenaren sustatzaileak eta antolakuntza taldeko ordezkariak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Aretxabaletako Udaleko Euskara teknikari Ane Lore Estala, Mondragon Unibertsitateko ordezkari Goio Arana, Arizmendi ikastolako ordezkari Gari Ibarzabal eta Arteman agentziako zuzendari Arantzazu Lagunilla. Beraiekin batera izan da Mugiment euskal gizarte aktiboa lortzeko egitasmoko Iker Etxeberria, gaiari buruzko iritzia ematen eta ikus-entzunezko sormen lehiaketari babesa eskaintzen.

   Iaz 73 lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta, aurkezpenean azaldu dutenez, "horrek erakusten du ikus-entzunezkoen formatuak interesa pizten duela gaur egungo gizartean".

   Mendizabalen hitzetan, "gazteen artean, gainera, oro har gero eta presentzia handiagoa dute ikus-entzunezko edukiek, eta ezinbestekoa da esparru horretan ere euskarazko sorkuntza bultzatu eta zukua ateratzen saiatzea. Aldundirentzat euskarazko ikus-entzunezkoak estrategikoak dira, komunikazioa oso arlo garrantzitsua baita".

GIZARTE AKTIBOAGOA

   Aurten, Euspot lehiaketak jarduera fisikoaren inguruan hausnarketa egin nahi du. Horrela, iragarkiak nabarmendu beharko ditu jarduera fisikoak eskaintzen dituen onura fisikoak, psikologikoak eta sozialak. Jarduera fisikoa esaten zaio energia kontsumitzen duen gorputzeko borondatezko mugimendu orori, izan ariketa fisiko programatua (kirola), izan gorputza mugiarazten duten jarduerak.

   "Gizarte aktiboago bat sustatzea da helburua. Ez da ezinbestekoa gimnasio batera joatea edo lehia kirola egitea aktibo izateko. Egunean zehar egiten ditugun jarduera fisikoekin onura berberak lor genitzake. Egunerokotasunean aktibo izateak osasun hobea izaten eta hobeto sentitzen laguntzen digu. Pertsona inaktiboak aktibo bihurtu nahi ditugu jarduera fisikoa areagotuz eta sedentarismoa baztertuz", azaldu dute.

   Parte hartzaileek maiatzaren 15era bitartean dute aukera lanak egin eta aurkezteko. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan. Bost sari banatuko dira: iragarkirik onena (1.000 euro), Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onena (500 euro), Publikoaren saria (500 euro), Musika sinkronizazio onena (300 euro) eta BHklip saria, 14-18 urtekoentzat (250 euro). Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 30ean egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.

   Parte hartu nahi dutenek oinarriak dituzte eskuragarri Euspoteko webgunean. Interesdunek https://www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan.