Eztabaidak Literaturarekin zikloak Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariak elkartuko ditu astearte honetan, Bilbon

Actualizado: martes, 18 diciembre 2018 10:37

BILBO, 18 Dic. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak antolatzen duen Eztabaidak Literaturarekin zikloko aurtengo egitaraua bukatuko da astearte honetan, abenduaren 18an, "Letras en conflicto" izenburuko saioarekin, eta Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek parte hartuko dute. Ekialde Hurbilean esperientzia luzea duten eta gatazketan espezializatuta dauden bi kazetariak "Ekialde hurbila, muinak eta ertzak" liburuaren egileen artean daude. Topaketa Bego Yebra kazetariak moderatuko du, eta gerrako kazetaritzako freelance profesionalen lanean jarriko du arreta.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gatazkan dauden lekuetara hurbiltzen direnean kontatu nahi dutenari eta aurkitzen dituzten zailtasunei buruz, edota ekidistantzia posible ote den galdetuko zaie, besteak beste. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du eserleku guztiak bete arte. Saioa streaming bidez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean.

Ane Irazabal kazetari arrasatearra Historian eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da. Ikasketak amaitu ondoren, Palestinara joan eta Betleemen egon zen bi urtez. Ondoren, beste bi urte eta erdi egin zituen Kairon, geroago Italiara joateko, Torinon hasieran eta Erroman gaur egun. Freelance kazetaria da, eta RAI eta EiTB kateetarako egiten du lan, besteak beste. 2017an Euskal Kazetarien Saria jaso zuen, Kazetarien Euskal Elkartearen eta Elkargoaren eskutik, gatazka guneetan berriemaile gisa egindako lanarengatik.

Palestinako, Egiptoko eta Tunisiako gatazkak jarraitu ditu azken urteetan Irazabalek, bai eta Mediterraneotik heltzen diren errefuxiatuena ere. Bangladeshen ere egon da, eta bertatik, Birmaniatik ihes egiten duten rohingya errefuxiatuen egoeraren berri eman du.

Bestalde, Karlos Zurutuza Ekialde Ertaineko gatazka guneetan espezializatutako freelance kazetari donostiarra da. Filologia Ingelesean lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta 15 urte baino gehiago daramatza nazioarteko hedabide ezagunekin lanean. Gara, Al Jazeera, The Middle East Eye, Deutsche Welle edo Jot Downs hedabideetako ohiko kolaboratzailea da.

2009an Nawab Bugti Nazioarteko Kazetaritza Saria lortu zuen, Iranen, Afganistanen eta Pakistanen dagoen balutxe herriari buruzko tokian bertan egindako lanari esker. Rikardo Arregi eta Argia sariak ere lortu ditu (biak 2012an), 2011an Libiako gatazkari buruz Berria egunkarirako egindako lanari esker.

"EKIALDE HURBILA, MUINAK ETA ERTZAK"

Irazabal, Zurutuza eta Mikel Ayestaran dira "Ekialde hurbila, muinak eta ertzak" liburuaren egileak. Mendebaldeko Saharatik Iranera doan Ekialde Ertain Handian gertatzen denaren ikuspegia ematen dute hiru kazetariek. Abiapuntua udaberri arabiarrak eta horiek eragin zituzten gizarte arloko mugimenduak dira.

Eztabaidak Literaturarekin egitaraua 2007an hasi zen. Euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira.

Gaur egun, hasieran bezala, literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da helburua, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean arreta jarriz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin egindako jende aurreko solasaldiaren bitartez.