FAMAM unibertsitate brasildarreko ordezkariak Gasteizen daude "Green" programa ezagutzeko

Ordezkari brasildarrak Gasteizko udaletxean
GASTEIZKO UDALA
Actualizado 2013/01/21 14:56:55 CET

GASTEIZ, 21 Ene. (EUROPA PRESS) -

Brasilgo FAMAM unibertsitateko ordezkariak Gasteizen daude, 2012ko Europako Hiriburu Berdea izendatu zutenetik hirian ezartzen ari den "Green" programa ezagutzeko asmoz, besteak beste, ondoren bere zientzia ikasketak osatze aldera.

Hain zuzen ere, Gasteizko Udaleko alkateorde Idoia Garmendiak egin die harrera FAMAM unibertsitateko Bahiako Fakultateko zuzendaritza taldeari astelehen honetan.

Horrela, Weliton Antonio Bastos de Almeida errektoreak eta bere taldeak osaturiko ordezkaritza "Vitoria-Gasteiz European Green Capital 2012" programa ezagutu nahi dute, Bahiako udalekin lankidetza proiektuetan diharduen unibertsitateak interes handia baitu Gasteizko hirigintza sistema ezagutzeko.

"Green" programa osatzen duten hamar proiektu estrategikoetatik bereziki herritarren lankidetzarekin eta sektore ekonomikoen inplikazioarekin lotutakoak interesatu zaizkie Bahiako ordezkariei, haien esanetan, "herritarren ikuspegia aldatu eta jokamolde iraunkorrak sustatzea lortu baitute".

Igande arratsaldean iritsi zen Gasteizera ordezkaritza brasildarra, eta Gasteizko Udaleko zenbait kiderekin bilduko dira, "Green" programaren hainbat alderdi zehatz ezagutzeko, besteak beste, hondakinen, uraren eta energiaren kudeaketa. Ataria eta Salburuko hezeguneak ere bisitatuko dituzte, unibertsitateak interes berezia baitu ingurumen alorreko ikasketak eskaintzeko, Humanitateetan eta Osasunaren Zientzietan duten prestakuntza osatzeko eta estatuko zentro modernoetako bat bihurtzeko.

Unibertsitateko taldearekin batera George Gurgel etorri da, Brasilgo Vitoria hiriaren alkatearen ordezkari moduan. Vitoria hiria Gasteizekin senidetuta dago, eta bien arteko harremanak estutu nahi ditu Gurgelek, teknika, industria eta ekonomia alorretako lankidetzaren bitartez, biek ingurumena zaintzeko interes berezia baitute.

Vitoria Espirito Santo estatuko hiriburua da, eta 350.000 biztanle ditu -baina inguruko eremu metropolitarrean 1,5 milioi biztanle ditu-. Hori dela eta, interes handia du Gasteiz herritarren zein enpresarien artean ingurumen kontzientzia sustatzeko egiten ari den lanean.