29 de Martxoa de 2020
 
Actualizado 2017/01/23 13:10:39 CET

Fas zineklubaren KORTeN! film laburren zinemaldia asteartean hasiko da

Aitor Gutierrezen "Ulises"
FAS

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Fas zineklubak KORTeN! film laburren zinemaldiaren laugarren edizioa hasiko du asteartean, urtarrilaren 24an, eta Bilboko Carmen aretora doan publikoak hautatuko du irabazlea denboraldian zehar ekoizpenak puntuatuz. Aurtengo lehen lana Aitor Gutierrezek idatzi eta zuzendutako eta Kandido Uranga protagonista duen "Ulises" izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "Ulises" film laburrak Euskal Gidoi Hoberenaren SGAE Saria irabazi zuen azken Zinebi jaialdian, eta zuzendaria saiora bertaratuko da lanaren berri emateko. Ondoren, Runar Runarsson zuzendari islandiarraren "Sparrows" filma proiektutatuko da.

KORTeN! jaialdiaren bitartez, Fas zineklubak formatu laburraren kalitatea aldarrikatu nahi du, "zuzendariaren gaitasuna baliatuz, ekoizpen batek, laburra izan arren, bide luze eta esanguratsua egin dezakeelako". Bide batez, euskal egile berrientzat aukera ona izaten da zinemagintzan lehen urratsak emateko.

Horrela, Fas zineklubak aukera eskaini nahi die zinemagile berriei lanak proiektatzeko eta zineklubaren bazkide eta ikusleei haietaz gozatzeko. Zinekluba hainbat zinemaldirekin elkarlanean aritzen da, hala nola Arrigorriagako Humor en Corto, Gasteizeko Cortada edo Bilboko Zinebirekin. Horrez gain, euskal ekoizle eta banatzaileekin harremanetan dago, besteak beste, Kimuak, Banatu Filmak, Uniko, Txintxua o Moriarti-rekin.

KORTeN! zinemaldian parte hartzen duten film laburrak programatutako filmen arabera aukeratuak izango dira. Film laburrek Euskadirekin harremana izan behar dute hautaketan parte hartu ahal izateko (egilea, gaia, ekoizpena, zuzendaria), eta genero desberdinetakoak izan daitezke. "Ulises" lanarekin batera, urteko lehen hiruhilekoan ikusi ahal izango diren film laburrak Unai Guerraren "Duelo a las doce en punto" (urtarrilaren 31n) eta Asier Urbietaren "False Flag" (martxoaren 21ean) izango dira.

Euskal zinemagile hauetaz gain, Fas zineklubak KORTeN! zinemalditik aparte beste film laburrak aurkeztuko ditu. Horrela, hiruhileko honetan Michelangelo Antonioniren "La mirada de Michelangelo" emango du otsailaren 28an.