Federico García Lorcaren omenezko kontzertua izango da ostiralean Bilbon

Actualizado 2016/01/21 11:33:49 CET
Federico García Lorcaren erretratua
EUROPA PRESS/FESTIVAL LA MANCHA

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Federico García Lorca omentzeko kontzertu bat izango da Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunea espazioan ostiralean, urtarrilaren 22an, 19:30etik aurrera. Lina Tur Bonet biolinistak eta Álex Ramírez Gama pianistak ikuskizun musikala eskainiko dute Bidebarrieta liburutegiko areto nagusian, eta Granadako poetak Bilbo bisitatu zuenekoa gogoratuko dute. Zehazki, Bidebarrieta liburutegian izan zen berak idatzitako poema batzuk irakurtzen.

   Bilboko Udalak jakinarazi duenez, sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte. Claude Debussy, Maurice Ravel, Francis Poulenc eta Manuel de Fallaren zenbait pieza joko dira, 27ko belaunaldiko poeta garrantzitsuaren gogoko konpositoreak denak ere. Omenezko kontzertua amaitzeko, García Lorcaren beraren abesti zahar batzuk eskainiko dira.

   Gazte gaztetik musika barroko, erromantiko eta gaur egungo musikako artistarik ospetsu askorekin lan egin ondoren, Lina Tur Bonet biolinistak 400 urte baino gehiago biltzen duen errepertorio zabala dauka. Horrez gain, konpositore bakoitzaren musika instrumentu egokiarekin jotzen du: biolin barrokoa edo biolin erromantikoa.

   Bestalde, Álex Ramírez Gamak sariak irabazi ditu zenbait lehiaketatan bakarlari eta ganberako musikari modura. Gaur egun ganbera musikan dabil batez ere, baina beste diziplina batzuetan ere interesa dauka eta kolaborazio batzuk egin ditu, hala nola Camerata Gramenetekin, Joans Valls ganbera orkrestarekin eta Andorrako Orkestra Nazional Klasikoarekin.